AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

102 egun daramatza gose greban Alfredo Cospito preso politiko anarkistak, Sardinian

Jasaten ari den isolamendu-erregimena salatzeko ekin zion gose grebari Cospitok. Erroman, presoarekin elkartasunez, protestak izan ziren joan den larunbatean, eta 40 pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.

Sardiniako Sassariko kartzelan daukate gatibu Alfredo Cospito anarkista. Duela hiru hilabete baino gehiago, iazko urriaren 20an, gose greba bat hasi zuen, ezarria dioten isolamendu-erregimenaren kontra protesta egiteko. Iazko maiatzean sartu zuten Italiako 41-bis erregimenean (Espainiako Estatuan FIES erregimena deiturikoaren antzekoa), eta, ordutik, "kartzelaren barruko kartzela" batean bizi da. Egunean bi orduz baino ez diote uzten aire librean egoten, ia erabat debekatu diote kanpo-kontaktua izatea (hilabetean bisita bat baino ezin du izan, eta beira handi batek bereizita), eta konfiskatze sistematikoak egiten dizkiote. Horiek dira 41-bis erregimenak berekin dakartzan baldintzetako batzuk.

Cospitok zazpi hilabete inguru zeramatzan isolamenduan gose grebari ekin zionean, eta 102 egun bete ditu jada baraualdian. 40 kilo galdu ditu, eta elektrolitoak falta zaizkio odolean. Elektrolito kopuruak jaisten jarraitzen badu, ondorioak jasan ditzake bizi-organoetan.

Aurreko larunbat gauean, Cospitori elkartasuna adierazteko eta bere egoera salatzeko protestak izan ziren Erroman. Polizia-indarrek 40 manifestari atxilotu zituzten.

2014. urtean espetxeratu zuten anarkista, 2006an ekintza batean parte hartzea eta 2012an enpresaburu bati hanketara tiro egitea leporatuta. Ia 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten osotara. Dena den, Auzitegi Gorenak iaz ebatzi zuen ez zitzaiola "sarraski arrunta" egotzi behar, "sarraski politikoa" baizik. Biziarteko espetxe-zigorra jartzeko aukera irekitzen zuen horrek.

Hernanin Mugimendu Sozialistak txosna bat izateko eskubidearen alde, sinadura bilketa martxan
Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideak otsailaren 11ra arte arituko dira sinadurak biltzen, Mugimendu Sozialistari Hernanin jarritako beto politikoaren kontra eta txosna bat izateko eskubidearen alde. Hernaniko Txosna Batzordeak ezarritako beto politikoari aurre egiteagatik eta txosna bat jartzeagatik, udalak 3.000 eurotik gorako isun bat eman dio Mugimendu Sozialistari.