AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

%10,5ean geratu da Espainiako Estatuko inflazio maila abuztuan

Hiru hamarren igo da uztailekoarekin alderatuta, elikagaien kostuaren %13,8ko igoerak bultzatuta. Zerealak, arrautzak, esnekiak eta olioa izan dira gehien garestitu diren produktuak. Azpiko inflazioa %6,4an mantentzen da, oraingoz. Ez da soldaten igoera proportzionalik ageri hitzarmen kolektibo gehienetan.

Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) abuztuko behin betiko datuak argitaratu ditu Espainiako Estatistika Institutuak (INE) astearte honetan. %10,5ean kokatu zen KPIa joan den hilabetean, ekonomialariek espero zutena baino gutxiago jaitsi ondoren. Izatez, %13,8koa izan da elikagaien urte arteko batez besteko garestitzea. Elikagaien tasa hori %3 igo da hilabete batetik bestera, 1994ko urtarriletik erregistraturiko marka altuena finkatuz. Horien artean, bereziki igo dira haragiaren, olioen, zerealen, esnekien eta arrautzen salneurriak.

Langile familiek uztailean baino hiru hamarren garestiago ordaindu dute erosketa-saskia Espainiako Estatuan. Joan den uztailean jo zuen goia, %10,8raino iritsita. Aurrez, hiru hilabetez jarraian urte arteko tasak gora egin zuen: apirilean %8,3an kokatu zen, maiatzean %8,7an, eta ekainean %10,2an.

Azken urteko datu orokorrei so, berogailua, argindarra eta ur-hornidura %47,2 garestitu dira; olio zein koipeak %24; arrautzak %22,4; esnearen prezioak %25,6 egin du gora, eta zerealenak, berriz, %21,7. Ogiak, behi-haragiak, hegazti-haragiak, esnekiek, patatek eta horien prestakinek %15etik gorako igoera izan dute.

Erregaien arloan, uztailetik abuztura artean %7,1eko jaitsiera izan bada ere, urte arteko tasak %24,7ko igoera adierazten du. Produktu energetikoak, hala ere, %37,4 igo dira. KPIan aintzat hartzen ez den arren, etxebizitza %24,8 garestitu da iaztik, eta %3,6 uztailetik abuztura. Garraioak %3,7ko beherakada izan du uztailetik, baina %11,5eko igoera izan du urtebetean. Etxeko tresneria eta hotel, kafetegi nahiz jatetxeetako prezioak %7,6 igo dira 2021etik hona, eta jantziak zein oinetakoak %5,6.

Gogoan izan behar da, gainera, Espainiako Estatuan 2021ean hitzarmen kolektiboa zuten langileen %15,65ek baino ez zutela ziurtatuta KPIaren igoeraren araberako soldata-berritze klausularen bat. Ondorioz, langileriaren gehiengoaren erosahalmena beherantz doa hilabete batetik bestera.

Espetxean jarraitu beharko du Iratxe Sorzabal preso politikoak
Frantziako Estatuak aurreko ostiralean Espainiaratu zuen Sorzabal, han ezarritako zigorra osorik bete ostean. Otsailean 24 urte eta erdiko beste zigor bat jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta defentsak helegitea aurkeztu arren, behin-behineko kartzelaldia luzatu diote.