AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

114.000 emakumek baino gehiagok jasaten dute prostituzioa Espainiako Estatuan

%80 izan daitezke "sexu-esplotazioa helburu duen salerosketaren" biktima. Hego Euskal Herrian, ia 6.000 emakume esplotatzen dituzte sexualki.

Emakumeen sexu-esplotazioari buruzko hainbat datu argitaratu ditu Espainiako Berdintasun Ministerioak. Emakumeen salerosketari, sexu-esplotazioari eta prostituzioari buruzko makroazterketa: hurbilketa kuantitatiboa izeneko lana aurkeztu du berriki, eta, azterketa horren arabera, gutxienez 114.576 emakumek jasaten dute prostituzioa Espainiako Estatuan. Erregistroetan ageri diren emakume guztien %0,56 da hori, hau da, 10.000 emakumetik 56.

Emakume horietatik gehienak izan daitezke "sexu-esplotazioa helburu duen pertsonen salerosketaren" biktima. Izan ere, azterketan kalkulatu dute prostituzio-egoeran dauden emakumeetatik %80k (92.496 emakume) erakusten dutela salerosketa horren biktima izateko arrisku-probabilitatea. Horien artean %7,8 (9.000) dira, gainera, probabilitate are handiagoa erakusten dutenak; "arrisku handian" daudenak, alegia.

Katalunian (34.759, %30), Madrilen (20.549, ia %18), Valentzian (16.314, %14) eta Andaluzian (9.023, %8) atzeman dituzte prostituzio-egoeran dauden emakume gehien. Hego Euskal Herrian, gutxienez 6.000 dira sexu-esplotazioa sufritzen ari direnak; 5.158 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 817 Nafarroan.

Biktima gehienak, migranteak eta gazteak

Prostituzio-egoeran topatutako emakumeen erdia, %51, hegoamerikar jatorrikoak dira. %16 dira Europakoak, eta %29ren jatorria ezin izan dute zehaztu. Nazionalitate zehatzari erreparatuta, kolonbiarrak (%28,3) eta espainiarrak (%13,5) dira nagusi.

Sexu-esplotazioa jasaten ari diren emakumeen adina ere ikertu dute, eta gazteak dira gehienak: 25 eta 36 urte artean dituzte %32k, eta 18 eta 24 urte artean %28k.

Ikerketan, bestalde, sexu-esplotaziorako sare erraldoiak atzeman dituzte. Izan ere, milaka prostituzio-iragarki aztertu dituzte, eta telefono-zenbaki berei lotuta ageri dira ehunka emakume. Aurkitutako sarerik handienak 363 emakume ditu harrapatuta: pertsona horien guztien iragarkietan azalten da harremanetan jartzeko zenbaki bera.

Langile bat zauritu da Mutiloan, altuera batetik erorita
Lau metroko altueratik jausi zen atzo 58 urteko behargina, Mutiloako industrialdean. Aurten, gutxienez 42 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.