AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

120 palestinarren gorpuak aurkitu dituzte Jabalian, tropa sionistek alde egitean

Israelgo Estatuko indar militarrek hiru astez setiatu dute zonaldea, eta ostiralean joan ziren. Jabaliako errefuxiatu-eremua izan zen, Gazako Zerrendan, sionistek eraso zuten aurrenetariko lekua.

Okupazio-indar sionistek duela hiru aste gogortu zuten erasoaldi militarra Jabalian, eta setiatuta izan dute ordutik. Tropek aurreko ostiralean egin zuten alde bertatik, eta egindako azken eraso kriminalaren ondorioen berri eman dute jada: Jabaliako errefuxiatu-eremuko hondakinen artean, hildako 120 palestinarren gorpuak topatu dituzte oraingoz.

Gazako Zerrendaren iparraldean dago Jabalia. Horixe izan zen, urriaren 7an sionistek oldarraldi militarrari ekitean, erasotutako aurrenetariko tokia. Maiatzaren hasieran, iturri sionistek argudiatu zuten "Hamas berriz elkartzen" ari zela zonaldean, eta berriz hasi zuen setioa bertan.

Azken erasoan, Kamal Adwan ospitalearen kontra ere jo dute Israelgo Estatu genozidaren indarrek. Erietxea ebakuatu behar izan zuten maiatzaren 21ean, sionisten kargen ondorioz, eta zauritutako palestinarrak artatzeari utzi behar izan zioten. Itxura denez, Jabaliako azken operazio militarrean hamar soldadu sionista ere hil dira.

36.500 eraildako

Azken egunetan, gutxienez 60 palestinar erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan, eta lau eraso handi izan dira. Urriaren 7tik hona, beraz, 36.500 palestinar inguru hil dituzte, eta 82.000 baino gehiago dira zaurituak. Azken usteen arabera, gainera, 10.000 palestinar inguru daude desagertuta; asko hondakin artean galdu direla ohartarazi dute.

Palestinaren askatasunaren alde, berriz mobilizatu dira Euskal Herrian
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, protestak izan ziren ostiralean Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. "Irtenbide faltsuak" salatu eta, "Palestina askatzeko, Israelgo estatu sionistaren eta bere konplizeen kontra borrokan jarraitzera" deitu du.