AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

123 identifikazio Lizarran, gerraren eta faxismoaren aurka borrokatzeagatik

Propaganda politikoa jartzen ari zirela, hemezortzi pertsona identifikatu zituzten polizia-indarrek urtarrilaren amaieran, eta beste 108 jazarri zituzten urtarrilaren 25ean, GKSk antolatutako manifestaziora zihoazela.

Lizarraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) agerraldi jendetsu bat egin du Lizarran (Nafarroa), azken asteetan "askatasun politikoen aurka" jasandako erasoak salatzeko. Izan ere, Poliziak jende ugari identifikatu du gerraren eta faxismoaren aurka antolatzeagatik: GKSk urtarrilaren 25erako antolatutako mobilizazioen testuinguruan, 123 pertsonaren kontra jo dute polizia-indarrek. Horietatik hemezortzi, propaganda politikoa jartzen ari zirela identifikatu zituzten polizia-indarrek, eta 105 lagun, berriz, Iruñeko (Nafarroa) manifestaziora bidean zirela jazarri zituzten.

"Lizarran gogor zigortzen dira instituzioetatik kanpoko jardun politikoa zein egoera hori salatzeko adierazpenak", nabarmendu du Lizarraldeko GKSk. Horren erakusle da azken hilabeteetan Poliziak "etengabe jazarri" izana gazteen militantzia politikoa: "Kalez jantzitako poliziak, mugikorretako datu pribatuetara sartzeko saiakerak, propaganda eta hura jartzeagatik identifikazioak" eta abar. "Lizarrako Udaltzaingoaren eskutik jaso dugu hori guztia, gure eskubide eta askatasun politikoak isilarazteko eta mugatzeko helburuarekin", diote gazte-antolakundeko kideek.

Ohartarazi du, mundu-mailan, "oligarkien agenda belikoa" larriagotzen ari dela eta "ideia erreakzionarioek eta faxistek botere gero eta handiagoa" dutela, eta GKSk lanean jarraituko duela horren kontra: besteak beste, borroka egingo du talde faxistek "Lizarraldean indar gehiago izan ez dezaten". Salagarritzat jo du borroka horren kontra instituzioek ematen duten erantzuna, alegia, "faxismoaren aurka antolatzen diren gazteak kriminalizatzea eta zigortzea". Antolakundeak, baina, argi esan du: "Errepresio kasu bakoitzaren aurrean, geroz eta determinazio handiagoz erantzungo dugu. [...] Mobilizatzeko eta antolatzeko deia egiten dugu, beharrezkoa baita faxismoari eta gerrari aurre egiteko".

Hainbat gazte atxilotu dituzte Ukrainan, errekrutatzearen aurkako erresistentzia sustatzea egotzita
Ukrainako Segurtasun-Zerbitzuak egin ditu atxiloketak, eta "talde marxistetako kide izatea" eta "Indar Armatuak oztopatzea" leporatzen die gazteei.