AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

13 urte beteko ditu Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeak

Kontrakantxa gaztetxearen 13. urteurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu du Hernaniko Gazte Asanbladak, "dinamika eta borroka ezberdinak herriari zabaldu", eta horietara batzeko gonbidapena egitea helburu. 13 urtetan egindako lana ospatu eta aurrera begirako erronkei eutsi nahi diete asanbladako kideek, 'Lur berriak ereiten' lelopean aurkeztu duten egitarauarekin. Ekimen guztietara eta eguneroko lanetara bertaratzera dei egin dute.

Pasa den larunbatean, hilak 16, agerraldia egin zuten Hernaniko Gazte Asanbladako kideek, Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa gaztetxearen urteurreneko egitaraua aurkezteko. Abenduan beteko ditu 13 urte Kontrakantxak. Hala, eskaintza zabala prestatu dute, "aurtengo helburuei erantzuteko" asmoz.

Abenduaren 5ean hasita, abenduaren 14ra arte luzatuko dute ospakizun astea. "Aurten abiatutako dinamika eta borroka ezberdinak herriratzeko" helburuz, asanbladaren lana ezagutarazi nahi dute, baita "antolatzearen beharra azpimarratu" ere, "gazte problematikaren esparru ezberdinei erantzun" ahal izateko. Ekimen desberdinekin, "belaunaldi ezberdinen arteko harremanak ahalbideratzeko espazioak sortzea" ere badute ipar, "gaztetxetik pasatutako belaunaldien oinordekotza bermatzeko, eta belaunaldi berriei ateak irekitzen hasteko".

13 urte atzera

2006. urteko abenduan birjabetu zuten etorkizunean Kontrakantxa gaztetxea izango zen eraikina, eta ordutik jardun du bertan lanean Hernaniko Gazte Asanbladak. "Azken urteetan gazte asanbladak zein gaztetxeak izandako garapena" azpimarratu dute gazteek, baita "oinarriek berdinak izaten jarraitzen dutela" adierazi ere.

"Autogestioaren ideian" berretsi dira asanbladako kideak: "Gure beharrak gure ekinbidez asetzea beharrezkoa zaigu zapaltzen gaituen sistemaren aurrean". Hala, "elkartasunean oinarritutako harreman eredu berri baten aldarria" egiten jarraitzen dute. Kronika atarian azaldu zuten modura, "gaztetxeak jarraitzen du gure bizitzak nahi bezala antolatu ahal izateko ekarpena egiten, oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak ematetik, aisialdia antolatzeraino".

Egitarau oparoa

Hona hemen 13. urteurrenaren harira Kontrakantxan antolatu duten egitaraua, osorik:

  • Abenduak 5, osteguna. Pintxo-potea eta Hilerokoa-ren (asanbladaren hilabetekaria) ale berriaren aurkezpena. Ondoren, bertso-afaria Aitor Bizkarra, EƱaut Martikorena eta Maider Arregirekin.
  • Abenduak 8, igandea. Mendi-martxa Adarrara eta bazkaria.
  • Abenduak 11, asteazkena. Auzolana.
  • Abenduak 12, osteguna. Pintxo-potea eta argazki erakusketa.
  • Abenduak 13, ostirala. Hitzaldia Etxebizitza Sindikatuaren eskutik. Ondoren, jantoki soziala eta Erroka taldearen kontzertua.
  • Abenduak 14, larunbata. Gaztetxea kalera ekimena, herri bazkaria, elektrotxaranga eta festa gaztetxean (kontzertuak eta DJa).
Bilboko Erronda kaleko egoitza berreskuratu dute Ikasle Abertzaleek
Gaur, 09:00ak aldera, Ikasle Abertzaleek jakinarazi dute Bilboko Erronda kaleko egoitza birjabetu dutela, "gatazkari behin betiko aterabidea emateko asmoz". Sortu alderdiak alarma eta bideo-zaintza bidez kontrolatuta dauka gunea; hala, minutu gutxira bertaratu da Sortuko militante bat, Ertzaintzak lagunduta. Ertzainen arabera, epaitegietara joko du. Sortuk uztailean lapurtu zien Errondako egoitza Ikasle Abertzaleei, eta ordutik, ez die erantzun ikasleek "auziari konponbidea emateko" egindako eskaerei. Dena den, gaurkoan ere, harremanetan jartzera dei egin diote IAko kideek Sorturi, hitz egiteko eta auziari irtenbidea bilatzeko.