AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

170 atxilotu Berlinen, Palestinari elkartasuna adierazteko protestetan

Bigarren egunez jarraian, Palestinarekin elkartasunez protesta hedatuak izan dira Berlinen, eta gogor oldartu da Polizia. Aurreko astean ere debekua jarri zieten hainbat protestari, baina bi urte dira Palestinaren aldeko mobilizazioak galarazten direla Alemaniako hiriburuan.

Atzokoa ere mobilizazio eguna izan zen Berlinen, Alemaniako hiriburuan, Palestinan izaten ari den sarraskiaren kontra eta Israelek gauzatutako genozidioaren kontra. Barrikadak jarri zituzten hiriko zenbait puntutan, eta hainbat ibilgailuri eman zieten su, protesta modura. Polizia-indarrek gogor egin zuten protestan ari zirenen kontra, eta atxilotu ugari izan ziren: 170, datu ofizialen arabera.

"Gorroto-atmosfera" bat dagoela seinalatu eta protestei amaiera eman behar zaiela aldarrikatu du Poliziak, atzo gertatutakoaren harira. Nancy Faecer Barne ministroak babesa eman die polizia-agenteei.

Europako beste hainbat lekutan gertatu den bezala, Berlinen, Palestinako herriari babesa emateko hainbat mobilizazio debekatu dituzte jada. Aurreko astean, Berlingo Poliziaren ekimenez jarri zieten debekua zenbait protestari, "segurtasuna eta ordena publikoa" aitzakiatzat hartuta. Aurreko larunbatean, 1.000 pertsona batu ziren Berlingo Potsdammer plazan, Palestinari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa hasi baino zenbait minutu lehenago, baina, Poliziak esan zuen debekua ezarri zitzaiola deialdiari, eta manifestarien kontra oldartu zen: kolpatu egin zituen, eta hainbat atxilotu zituen.

Left Voice atariak gogorarazi duenez, Palestinaren aldeko mobiliziazio oro debekatu da Berlinen azken bi urteetan. Une honetan, baina, harago joaten ari da jazarpena: kuffiyeh izeneko zapi palestinarra eramateagatik ere ari dira jendea jazartzen Polizia.

Urola Erdian ere sortu dute Etxebizitza Sindikatua
"Etengabe mehatxatuak diren bizi-baldintzen alde borrokatzeko, etxebizitzaren alorrean jasaten ditugun erasoei aurre egiteko eta gizarte kapitalista gainditzeko indarrak batzeko" asmoz eratu dute Etxebizitza Sindikatua. Azaroaren 3an eta 4an aurkeztuko dute, Azpeitian eta Azkoitian.