AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

291 egun bete dituzte greban Novaltia farmazia-enpresako Zaratamoko langileek

Novaltiako Bizkaiko beharginak greban daude iazko uztailetik, enpresako lan hitzarmen berri baten defentsan. Soldata-arrakala eta 900 eurotik beherako soldatak deuseztatzea exijitzen dute, besteak beste. Langileek martxoan salatu zuten, alarma egoera ezarrita, Eusko Jaurlaritzak "beharrezkoak ez ziren gutxieneko zerbitzuak" onartu zizkiola enpresari, eta 12 grebalari behartu zituztela lanera bueltatzera. EAE eta Aragoi mailan, 200 langile inguruk jarduten dute soldatapean farmazia-salgaien banaketa-enpresan.

Gaur, maiatzak 8, 291. greba eguna dute Novaltia farmazia-enpresako Zaratamoko (Bizkaia) langileek. 2019. urteko uztailaren 22an ekin zioten greba mugagabeari, lan hitzarmen berri baten defentsan. Besteak beste, uztailetik eskatu dute 900 eurotik gorako soldatak izatea eta langileen arteko soldata-arrakala ezabatzea (kontratatu berriek gutxieneko soldatatik gertu kobratzen dutela salatu izan dute), enpresaren jarduera nagusietan aritzen diren langileen azpikontratazioa mugatzea, edota aldi baterako kontratatutako beharginen baldintzak hobetzea.

Novaltia da EAEn farmazia-salgaien banaketan jarduten duen enpresa nagusia, eta iazko urtearen hasieran, enpresako hitzarmen berriaren inguruko negoziazioak hautsi zituen. Hala, estatu mailako hitzarmena ezarri zuen.

GREBA ESKUBIDEA, URRATUTA

Novaltiako Bizkaiko beharginek martxoan salatu zutenez, alarma egoera ezarrita, Eusko Jaurlaritzak "beharrezkoak ez ziren gutxieneko zerbitzuak" onartu zizkion enpresari. Hala, zortzi hilabeteren ostean, 12 grebalari behartu zituzten haien lanpostuetara itzultzera.

2013. urtean jaio zen Novaltia, Aragoiko eta EAEko banaketa-enpresa nagusien (Aragoifar eta Vascofar) fusiotik. EITB-ren arabera 200 langile inguru ditu soldatapean, lau lantegi logistikotan: Gasteizen (Araba), Zaratamon (Bizkaia), Zaragozan (Aragoi) eta Calatayuden (Aragoi).

Nafarroako Gobernua droneak erabiltzen hasi da biztanleak kontrolatzeko
Nafarroako Gobernuak aurreko asteburuan jarri zuen martxan dronen bidezko "esperientzia pilotoa", eta biztanleak zelatatzeari eta grabatzeari ekin dio jada. Zuzeneko irudiak grabatzen dituzte dronetako kameren bidez, eta SOS deien egoitzara bideratzen dituzte gero. Irudi horiek baliatuta, hamar aldiz esku hartu zuen Foruzaingoak asteburuan.