AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

350 atxiloketa eta 31.100 isun Espainiako Estatuan, salbuespen egoeraren barruan

Espainiako Estatuan 31.100 isun jarri dituzte polizia indarrek, "alarma egoerako arauak ez betetzeagatik", eta 350 pertsona eraman dituzte atxilo "desobedientzia larria" leporatuta. EAEn 65 atxiloketa eta 2.338 isun izan dira aste honetan, eta Nafarroan, soilik Foruzaingoak 57 salaketa aurkeztu zituen atzo.

Egun bizi dugun salbuespen egoeraren barruan, polizia indarren esku hartzeak gora doaz, modu bortitzean. EAEn udaltzainek zein ertzainek 65 pertsona atxilotu dituzte astelehenetik ostiralera bitartean, eta 2.338 isun jarri dituzte. Atzo, martxoak 20, honakoa zen astelehenetik ostegunera bitarteko zenbaketa: 18 atxiloketa eta 988 isun administratibo. Isun gehienak 600 eurotik gorakoak izan dira.

Horretaz gain, 4.932 pertsona identifikatu eta 7.046 ibilgailu gelditu dituzte poliziek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroari dagokionean, zehazki Foruzaingoak 57 salaketa jarri zituen atzo, osteguna, "koronabirusaren aurrean ezarritako mugikortasun murrizketak ez betetzea" egotzita. Iruñerrian eta Erriberan izan ziren esku hartze gehienak.

31.100 salaketa

Espainiako Barne Ministerioak gaur baieztatu duenez, polizia indarrek (estatu eta erkidego mailakoek zein udaltzainek) 31.100 isun jarri dituzte guztira, "alarma egoerako arauak ez betetzeagatik". Bestalde, 350 pertsona eraman dituzte atxilo, "desobedientzia larria" leporatuta.

Gainera, Fernando Grande-Marlaska ministroak iragarri du Loiuko aireportuan (Bizkaia) sartuko dira estatuko militarrak, "beharrezkoa den guztietan".

Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko langileak behartu ditu lanean jarraitzera, enpresak prebentzio neurriak bete ez dituen arren
Sidenor enpresaren fabrikekin egin modura, Eusko Jaurlaritzak behartu egin ditu Tubacexeko beharginak ekoizpenarekin segitzera. Lan ikuskaritzak ez du lantokia aztertu eta ez du txostenik osatu, eta langileek salatu dute enpresak ez dituela ezarritako gutxieneko prebentzio eta segurtasun neurriak hartu.