AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

45 pertsona erail dituzte Peruko protestetan azken krisia lehertu zenetik

Azken 24 orduetan, indar militar eta polizialek hamazazpi lagun hil dituzte Juliacako protestetan, eta bat Chucuitoko bide mozketetan. Atxiloketa masiboak izaten ari direla ere esan dute hainbat hedabidek. Lanuzte mugagabe bat dago abian Peru osoan, eta gobernu berriak "estatu-kolpetzat" jo ditu protestak, salbuespen-egoeraren erdian.

Estatuaren errepresio militar eta polizialak ez du etenik Perun. Joan den abenduaren hasieran, beste krisi politiko batek leher egin zuen herrialdean, Pedro Castillo presidenteak Kongresua desegin eta dimisioa aurkeztu zuenean. Egun berdinean osatu zen Dina Boluartek gidatutako gobernu berria, eta Kongresuak atzera bota zuen Castillok agindutako desegitea. Azken bost urteetan izan den bosgarren presidente aldaketarekin batera piztu ziren protestak Peru osoan; besteak beste, Kongresuaren izaera diktatorialaren eta gobernu berriaren kontra atera ziren kalera milaka eta milaka pertsona.

Estatuaren erantzuna, ordea, hilgarria izan da. Kaleak militarizatu dituzte abenduan ezarritako salbuespen-egoeraren babesean, eta gogor egin dute manifestarien kontra indar militar eta polizialek. Zenbaketa ofizialen arabera, gutxienez 45 pertsona erail dituzte azken krisi hau lehertu zenetik. Azken 24 orduak, gainera, bereziki odoltsuak izan dira: hamazazpi lagun hil dituzte Juliacako (Puno) protestetan, eta beste bat Chucuitoko bide mozketetan.

Gabonetako eten laburraren ostean, mobilizazio jendetsuak hasi dira berriz Perun. Nagusiki, hauteskundeak urte honetara aurreratzea, Kongresua zarratzea edota Boluartek dimisioa aurkeztea eskatzen dute. Lanuzte mugagabe bat hasi zen herrialde osoan pasa den urtarrilaren 4an, bereziki erantzun zabala izan duena hegoaldean.

Azken erailketez gain, atxiloketa masiboak izaten ari direla jakinarazi dute hainbat hedabidek. Aurreko ostiralean, esaterako, 200 lagun inguru atxilotu zituzten Limako protestetan.

Alberto Otarola Kongresuko presidenteak berriki egindako adierazpenetan, "estatu-kolpetzat" jo ditu protestak. Gaur, urtarrilaren 10ean, konfiantzazko botoa delakoa eskatuko du Boluarteren gobernuak Kongresuan; alegia, ministroen kabinetea onartua izan dadila eskatuko du. Oraingoz, ez du asmorik erakutsi aurten hauteskundeetara deitzeko.

Peruko egoera izan zuten hizpide Gedar Telebistaren Burdin Hesia programan, abenduaren 27an:


Antsiliotikoak lehen aldiz kontsumitu zituztenen kopuruak gora egin zuen 2022an
Espainiako Estatuan, familien %25,2k diote iaz antsiliotikoak kontsumitu zituela aurreneko aldiz familiako kideren batek edo inguruko norbaitek, ikerketa batek dioenez. Osasun mentalarekin lotutako arazoak (egonezina, loaren alterazioa edota sumingarritasuna) jasan dituzte askok eta askok. Helduen %70ek "zailtasun ekonomikoekin" eta %46k "bakardade sentimenduarekin" lotzen dute hori. Gazteen kasuan, %53k diote sare sozialen eragina dela kausa, eta %43k bullying-a jotzen dute jatorritzat.