AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

575.000 euro baino gehiago jasoko ditu EH Bilduk Espainiako Estatutik, udal hauteskundeetako emaitzei esker

366.339 boto eta 1.399 zinegotzi lortuta, Hego Euskal Herrian hauteskunde kanpaina finantzatzeko ordainsari handiena jasoko du. EAJri 475.000 eurotik gora emango dizkiote, 1,32 milioi Voxi, 10,14 PPri eta 5,63 milioi PSOEri.

Espainiako Estatuak ezin hobeto saritzen ditu bere sistema politikoan parte hartu eta irabazten duten alderdiak. EH Bildu horren adibide paregabea da: 576.812,16 euroko ordainsaria jasoko du Espainiako Estatutik, igandeko udal hauteskundeetan lortutako arrakastagatik. 366.339 boto eta 1.399 zinegotzirekin, Hego Euskal Herriko alderdi bozkatuena izan da. Espainiako Hauteskunde Legeak ezartzen duenez, Estatuak hauteskunde-jarduerengatiko dirulaguntzak ematen dizkie alderdi politikoei, deialdiro eguneratzen diren kopuruekin.

Kasu honetan, 270,90 euro ordainduko dituzte hautatutako hautetsi bakoitzeko, eta beste 54 zentimo inguru hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako boto bakoitzeko (zerrenda bakoitzeko kide batek, gutxienez, eserlekua lortu badu). Infoelectoral Espainiako Gobernuaren atari ofizialak erakusten dituen behin-behineko emaitzen arabera, Arnaldo Otegik gidatutako alderdiak Espainiako Estatuaren kutxatik 378.989,1 euro kobratuko lituzke 1.399 hautetsiei esker, eta beste 197.823,06 euro tokiko hauteskundeetan lortutako 366.339 botoengatik. Batura, oraingoz, 576.812,16 eurokoa da.

EAJren kasuan, Hego Euskal Herrian Geroa Bairekin batera eskuratu dituen 1.032 zinegotziekin eta 365.012 botoekin, 476.675,28 euro jasoko dituela zenbatu daiteke.

Gainontzeko alderdiak

Hala ere, EH Bildu ez da hauteskunde hauetan diru gehien poltsikoratuko duen alderdia, inondik ere. Estatu osoan hautagaitza indartsuenak dituzten alderdiek askoz gehiago jasoko dute; PPk, PSOEk eta Voxek, alegia. Santiago Abascalen alderdiak, esaterako, 1,32 milioi euro jasoko ditu, 10,14 milioi PPk eta 5,63 milioi PSOEk.

Gasteizen izan den azken erailketa matxista salatu du Itaiak
Atzo, Euskal Herriko hainbat herritan egin zituen protestak Itaiak. Azken bi asteetan bi emakume erail dituzte euren bikotekide ohiek.