AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

59 bideo-zaintza kamera berri jarriko ditu Iruñeko Udalak

Lehenengo Alde Zaharrean ipiniko dituzte kamera gehienak, San Fermin jaien aurretik, eta gainontzeko auzoetara hedatuko dituzte bigarren fase baten bidez. Uniformez nahiz kalez jantzitako polizien presentzia ere areagotuko dute zenbait gunetan.

Bideo-zaintza kamera gehiago ezarriko ditu Iruñean (Nafarroa) Iruñeko Udalak, Javier Labairu zinegotziak jakinarazi duenez. Guztira 59 kamera berri jartzea da asmoa, baina bi fasetan gauzatuko dute prozedura. Lehenengo fasean 29 kamera ipiniko dituzte, 22 Alde Zaharrean, eta zazpi Gazteluko ingurunean. Antza, San Fermin festak hasi aurretik amaituko dute aurreneko fase hori, eta gero hasiko dira Iruñeko gainontzeko auzoetan ere kamerak jartzen. Bigarren fasean, San Juan inguruan ezarriko omen dituzte kamera gehien.

Osotara, 300.000 euro bideratuko ditu udalak lehenengo fasean ipini beharreko kamerak ordaintzeko. Udalaren esanetan, "bide publikoan egiten diren delituei" aurre egitea da helburua.

Une honetan, gutxienez 106 bideo-zaintza kamera daude Iruñeko bide publikoan. 70 dira trafikoko kamerak, eta 36, ustez "hiritarren segurtasunerako" ipinitakoak. Iruñeko Udaltzaingoaren koordinazio zentroari konektatuta daude kamerak, eta halaxe egongo dira datozen hilabeteetan jarriko diren gailu berriak ere.

Polizia gehiago

Kamerak jartzea, baina, ez da "delinkuentziari aurre hartzeko" kontrol-mekanismo bakarra izango. Udalak iragarri du polizia-indar desberdinen arteko koordinazioa indartuko dutela, eta "zenbait gune jakinetan", handitu egingo dutela uniformez nahiz kalez jantzitako polizia-agenteen kopurua. Ikastetxe eta institutuetan, gainera, "ekintza informatiboak nahiz formakuntza-ekintzak" egingo omen dituzte.

Tokian toki aurkezten ari dira GKSren apirileko jardunaldi nazionala
Berriozarren izango da GKSren hurrengo jardunaldi nazionala, apirilaren 9an. Bizi-eredu proletarioaz, gailentzen ari diren joera kulturalen ondorio politikoez eta komunismoaren erronkez jardungo dute, egun osoko egitarau baten bidez. Jardunaldia aurkezteko saioak ari dira egiten Euskal Herri osoan barrena.