AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Abadiñon ehunka lagunek salatu dute gaurko etxegabetzea, eta protestan zeudenak eraso dituzte polizia-indarrek

Arratsaldean ehunka lagun elkartu dira Desokupa enpresa faxistak gaur hustutako etxearen aurrean. Herriko errepide nagusia moztea ere lortu dute manifestariek, baina desalojatutako gune aurrean berriz bildu ostean, haien aurka oldartu da polizia. Gutxienez lagun bat atxilotu dute.

Ertzaintzak babestuta, Desokupa enpresa faxistak etxegabetze bat gauzatu du gaur Abadiñon (Bizkaia). Abadiñoko Gazte Asanbladak mobilizatzera dei egin du arratsalderako, eta ehunka lagun batu dira mertzenarioek goizean hustu duten etxearen aurrean. Protestan bildu diren pertsonak errepide bat mozten saiatu dira, baina mozketa oztopatu du istiluen aurkako poliziaren presentziak.

Horren ostean, Abadiñoko kaleetan zehar egin dute manifestazioa ehunka lagunek, eta herriko errepide nagusia moztea lortu dute. Tentsio uneak izan dira, eta jarrera oldarkorrarekin gerturatu dira polizia-agenteak, hamar furgoi ingururen bidez mugituta. Minutu luzez izan dute errepidea moztuta mobilizazioan elkartu direnek.

Gero berriz mugitu dira goizean desalojatu duten "estanko zaharraren" parera, eta ertzain gehiago bertaratu dira. Protesta amaitu eta manifestariak alde egiten eta sakabanatzen hasi direnean, ordea, eraso egin diete polizia-indarrek. Herriko kale gehienetan istiluak ere izan dira poliziaren kargen ostean, eta ertzainek bi orduz hartu dute herria. Pertsona bat atxilotu dute gutxienez.

Desokupa enpresa faxistak etxegabetze bat gauzatu du gaur Abadiñon
Ertzaintzak babestuta, Ferialeku plaza alboko etxe bat desalojatu du goizean Desokupak. Arratsalderako kontzentrazioa antolatu du Abadiñoko Gazte Asanbladak, 'Okupazioaren kontrako ofentsiba gelditu' lelopean, plazan bertan.