AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Abortatu aurretik, "fetuaren bizi-zeinuak" erakutsi beharko dizkiete emakumeei Hungarian

Dirudienez, zehazki taupadak entzutera behartuko dituzte abortatzeko asmoa duten emakumeak. Abortua debekatu aurretiko agertoki bat izan daitekeela ohartarazi dute.

Dekretu berri bat onartu du astearte honetan Hungariako Gobernu kontserbadoreak, parlamentura jo gabe, eta abortatzeko eskubideari lotuta: aurrerantzean, abortatzeko asmoa duten emakumeei "fetuaren bizi-zeinuak" erakutsiko dizkiete abortatu aurretik, derrigor. Abortua ahalbidetzeko ginekologoek bete beharko dituzten formularioek derrigorrezko baldintza bat barne hartuko dute, beraz: ginekologoek adierazi beharko dute "fetuaren bizi-zeinuen identifikazio argi bat" erakutsi dietela abortatzeko eskaera egiten ari diren emakumeei. Hungariako hedabideen arabera, fetuaren taupadak izan daitezke aipatutako zeinu horiek.

2011n antzeko neurri bat hartu zuten Texasen, AEBetan. Izan ere, autoritateek erabaki zuten abortura jotzen zuen emakume orori fetuaren ekogafia bat erakustea, baita taupadak entzutera behartzea ere. Abortua debekatzea izan zen estatu horrek emandako hurrengo pausoa, eta aitzindaria izan zen horretan. Hungarian, hortaz, ohartarazi dute aurrekari bat izan daitekeela dekretu berria, urrats gehiago egiteko abortatzeko eskubidea bertan behera uzteko bidean. Hungarian 1992an baimendu zuten, legez, abortatzeko eskubidea; haurdunaldiaren hamabigarren astera arteko epean abortatu daiteke gaur-gaurkoz.

Hungaria izan zen 2020an Ginebrako Akordioaren adierazpena sinatu zuen herrialdeetako bat, besteak beste, AEBekin batera. Familia-eredu tradizionala aldarrikatzen zen adierazpen horretan, baita abortua gaitzetsi ere. AEBetan joan den ekainean ezeztatu zuten haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala, Auzitegi Gorenaren bidez.

Arcelor Mittalek aldi baterako lan-erregulazioko espediente bat ezarri nahi du Espainiako Estatu osoan
Azken urteetan hainbatetan aplikatu ditu lan-erregulazioko espedienteak enpresak; 2020koa baliogabetzat jo zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. "Arcelor Mittalek malgutasunerako tresna gisa erabili nahi ditu ABEEak", diote sindikatuek.