AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Abortuaren kontrako protestei ekingo diete berriz zenbait klinikaren aurrean

Gasteizen eta Donostian egin izan diren protestetan, jazarleak ez direla kliniketatik distantzia batera jartzen salatu dute kliniketako hainbat ordezkarik. Dirudienez, Bizitzaren Aldeko 40 Egun mugimendua otsailaren 22an hasiko da berriz jazarpen-elkarretaratzeekin.

40 eguneko protestaldiak egin izan ditu Bizitzaren Aldeko 40 Egun mugimenduak, Gasteizko (Araba) nahiz Donostiako (Gipuzkoa) Askabide kliniken aurrean. Helburua, abortuaren kontrako aldarria kaleratzea eta haien haurdunaldia etetera doazen emakumeak nahiz kliniketako langileak jazartzea. Horretarako, kliniken aurrean elkartu eta belauniko jartzen dira, errezatzen ariko balira bezala.

Gutxigorabehera, urtean bi aldiz izaten dira kolektibo horren protestaldiak, eta badirudi otsailaren 22an ekingo diola hurrengoari. Gainera, sare sozialetan argitaratu dituen mezuetan, ulertzera ematen du egunero egingo dituela protestak.

Osasun sare publikoaren parte da Askabide klinika, Osakidetzak hara bideratzen baititu haurdunaldia eten nahi duten emakumeak. Hortaz, jazarpen ekimen horiek egitekotan, kliniketatik distantzia batera egiten direla ziurtatzea eta horri dagokionez legea betetzen dela bermatzea eskatu dute Askabideko ordezkariek. Izatez, Espainiako Estatuan iaz sartu zen lege bat indarrean, klinika horietara sartzea "zailtzen" duten edo jazarpen-lanetan ari diren pertsonak zigortzeko.

Horrek, baina, ez zituen protestak eten. Religión en libertad atariaren arabera, Espainiako Estatuko 22 hiriburutan daukate jazarpen-protestak antolatzeko gaitasuna, eta 5.500 boluntariok omen daukate parte hartzeko prestutasuna. Gainera, protesta horietan "isunak saihesteko trikimailuen gida bat" jarri dute eskuragarri.

Atari horretan harro diote, iaz, bi hiriburutan baino ez zituztela "arazo legalak" izan kliniken aurrean egindako kontzentrazioetan: Bartzelonan eta Gasteizen. Arabako hiriburuan, zehazki, gutxieneko distantzia bat mantentzeko ebazpen bat eman zuen Ertzaintzak: Askabide klinikatik 200 metrora jartzea agindu zien jazarleei. Dena den, elkarretaratze horiek baimendu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Ertzaintza sartu da berriz Ibaetako campusera
EHUk espedienteak ireki eta kanporatzeko arriskuan daude Gasteizko campuseko 34 ikasle, eta, hori salatzeko, mobilizazio batera deitu du IAk otsailaren 16rako. Ibaetako campuseko hainbat ikaslek manifestazio horretara deitzeko propaganda politikoa egin ondoren, ertzainak sartu ziren atzo campusera, eta kartelak kendu zituzten. "Unibertsitatean poliziaren sarbidea normalizatzeaz gain, jardun politikoa ezbairik gabe erreprimitzen da horrela", salatu dute.