AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Absolbitu egin dituzte Bilbon, gastu militarra salatzeko, katez lotu ziren bi lagun

Maiatzean epaitu zituzten, Ertzaintzak "desobedientzia-falta larri bat" leporatu ostean. 2022an protesta-ekintza bat egin zuten auzipetuek Bilboko Gobernu Militarrean.

2022ko apirilean, protesta-ekintza bat egin zuten lau pertsonak Bilboko (Bizkaia) Gobernu Militarrean: Juan de Garayko kuarteleko hormetara igo eta katez lotu ziren, estatuaren gastu militar izugarria salatzeko. "Gastu militarra: 43.000 milioi euro" eta "#EragozpenFiskala" mezuak irakur zitezkeen antimilitaristek erakutsitako pankartetan.

Gastu militarraren aurkako eragozpen fiskalaren kanpaina baten barruan egin zuten ekintza hori lau kideek, KEM-MOC Talde Antimilitaristak azaldu duenez. Salatu du, gainera, ekintza hori izan zenetik, igo besterik ez dela egin gastu militarra: 60.576,75 milioi eurora heldu zen 2023an, esaterako.

Epaiketa maiatzean

Ertzaintzak "desobedientzia-falta larri bat" egotzi zien ekintzan parte hartu zuten bi antimilitaristari. Horren harira, joan den maiatzean epaitu zituzten Bilbon. KEM-MOCek atzo jakinarazi zuen, ordea, absolbitu egin dituztela biak. 700 euroko isun bat eskatzen zuten euren kontra, baina zigorrik ez jartzea erabaki dute 3. eta 4. instrukzio-epaitegietako magistratuek.

Atxiloketak Kaledonia Berrian, azken hilabeteetako protestei lotuta
CCAT koordinadorari lotutako zortzi pertsona atxilotu ditu Poliziak. Hautesle erroldari Frantziako Gobernuak ezarri nahi dion erreforma dela-eta mobilizazio handiak izan dira Kaledonian azken hilabeteetan, eta gutxienez zazpi pertsona erail dituzte. Macronek salbuespen-neurriak ezarri ditu bertan.