AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Absolbitu egin dute Madrilen bizkarretik tiro eginda gazte bat erail zuen guardia zibila

Agerraldi psikotiko bat izan ostean jazarri zuten mutila hamabi poliziak, eta bizkarretik tirokatu zuen haietako batek, bi lekukok epaiketan jakinarazi zutenez. Epaileak esan du nahasiak direla lekukotzak eta "bidezko defentsan" aritu zela gaztea hil zuen agentea.

Aurreko hilean izan zen Diego Martínez-Conderen erailketa argitzeko epaiketa, Madrilgo Probintzia Auzitegian. Guardia zibil batek 2020ko irailean hil zuen gaztea, Manzanares el Realen (Madril): eskizofrenia pairatzen zuen Diegok, eta agerraldi psikotiko bat izan zuenean jarraitu zioten gutxienez hamabi poliziak. Jazarpen horretan erail zuen guardia zibiletako batek, tiroz. Odolusten ari zenean, gainera, polizia-auto batekin hartu zuten azpian, ihes egin ez zezan.

"Engainuzko zuhurtziagabekeriagatiko homizidioa" leporatu zioten hiltzaileari, baina akusazioa atzera bota du auzitegiko Laugarren Sekzioak. Ebatzi du "bidezko defentan" jardun zuela auzipetutako poliziak, eta errugabetu egin du. Diegoren hilketa zigorgabe geldituko da, beraz.

Epaiketan bi lekukok azaldu zuten gertatutakoa, balkoitik ikusi baitzuten: guardia zibilak bizkarretik egin zion tiro Diegori, eta ez gaztea aurrez aurre oldartu zitzaiolako Poliziari, bertsio ofizialean esaten zen modura. Testiguetako baten esanetan, korrika alde egin nahian ari zen gaztea, baina orduan tirokatu zuen guardia zibiletako batek. "Mutilari ez zion geratzeko denborarik ere eman", esan zuen lekuko horrek.

Auzitegiko Laugarren Sekzioak, baina, iritzi dio nahasiak direla lekukotza horiek, eta kontraesanean sartzen direla guardia zibilen bertsioarekin eta peritu-azterketa ofizialekin. Diegoren senideek lau urteko kartzela-zigor bat eskatzen zuten hiltzailearentzat, baina fiskaltzak isun bat besterik ez zuen proposatu. Estatuaren abokatutzak, berriz, absoluzioa exijitu zuen, eta hala izango dela dirudi.

Tortura komisarietan: 93 kasu aitortu dituzte aurten EAEn
Poliziaren torturak jasan dituzten 75 pertsonaren testigantzak ontzat eman ditu aurten Estatu-Indarkeriaren Biktimen Eskaerak Baloratzeko Batzordeak, eta kontatu dituzten tratu txar izugarriak argitaratu ditu. Sexu-indarkeriaren bidezko torturak dira nagusi.