AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Absolbitu egin dute Zestoako Gaztetxe berriaren birjabetzea dela-eta epaitutako gaztea

Zestoako Gazte Asanbladak otsailean hartu zuen Elizondo eraikina izandakoa, Gaztetxea hara lekualdatzeko. Apirilean epaitu zuten gazte bat birjabetze horren harira, baina absolbitu egin dute. "Hala ere, esperotzekoa da Elizak bide judizialari eustea eta beste prozedura batzuei ekitea, eraikina berreskuratzeko, eta horrek antzeko eraginak izan ditzake, desalojo-arriskua barne", ohartarazi du Gazte Asanbladak.

Heldu da Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladako kide bati aurreko hilean egindako epaiketako ebazpena: absolbitu egin dute. Zestoako Gaztetxe berriaren birjabetzea dela-eta epaitu zuten apirilean Azpeitian (Gipuzkoa), baina absolbitzea erabaki du epaileak. Judizioan zehar, aurretik salaketa aurkeztu zuen Elizak berak ere gaztearen absoluzioa eskatu du, Zestoako Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, "bere helburua gazte baten kontrako kondena ez dela argudiatuta".

Gazteek azaldu dute, baina, "esperotzekoa" dela "Elizak bide judizialari eustea eta beste prozedura batzuei ekitea, eraikina berreskuratzeko". Horrek "antzeko eraginak" izan ditzakeela ohartarazi dute, "desalojo-arriskua barne". Gazte Asanbladak Elizari dei egin dio, beraz, "bide judiziala alde batera uztera eta asanbladako kideekin negoziatzeko esertzera".

Udala, jabetza pribatuaren lagun

Zestoako Udala (EH Bildu) ere seinalatu dute gazteek berriki argitaratutako bideoan: "Hitz politen gainetik, une oro asanblada blokeatzea eta prozesua oztopatzea izan da udalaren ekintzen ondorioa; gatazkaren aurrean zeharo modu arduragabean jokatu du". Gainera, hitz egiteko eta negoziatzeko asmoz asanbladak egindako "hurbilpen guztiei entzungor egiten jarraitzen du" udalak, hark "zabaldutako arazoari inolako soluziorik emateko ideiarik ez duela argi utziz".

"Beren burua indar eraldatzailetzat duten arren, praktikan estatu-aparatu baten kudeatzaile soil baten moduan jokatu dute [udalak], gazte mugimenduaren beharren gainetik, Elizaren jabetza pribatua aitzakiatzat jarrita", salatu du Gazte Asanbladak.

Zestoako Gaztetxe berria, otsailetik martxan

Zestoako Gazte Asanbladak joan den otsailean hartu zuen Elizondo eraikina izandakoa, Elizaren jabetzakoa dena. Gazteek bi urtetik gora zeramatzaten Gaztetxea tokialdatzeko borrokan, eta elkarrizketa-mahai bat zeukaten irekita udalarekin eta Elizarekin. Gaztetxea Elizondora lekualdatzeko konpromisoa hartu zen mahai horretan, baina, denborak aurrera egin arren, ez zen hitza bete. Orduan erabaki zuen Gazte Asanbladak eraikina birjabetzea eta Gaztetxe bilakatzea, arazoari behin betiko soluzioa emateko berme modura.

IRITSI DA EPAIKETAREN SENTENTZIA❗️

Bide batez, udala eta elizarekin dugun harremanaren berri ematen dugu.
ADI EGON DATOZEN EGUNETAN ARGITARATUKO DITUGUN EGITARAU ETA AUZOLAN DEIALDIE!

GAZTETXEA ZENTRORA🔥🔥🔥 pic.twitter.com/pmerFXtxMJ

— Zestoako Gazte Asanblada (@zestoako) May 14, 2023
Oso larri zauritu da langile bat Burlatan, makina batek harrapatuta
Aurreko ostiralean izan zuen lan-istripua 22 urteko behargin gazteak, Burlatako Iturrondo industriagunean.