AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Absoluziozko epaia aldatu eta 425 urteko beste zigor bat jarri diote Marixol Iparragirre preso politikoari

Auzi horretan, Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen Iparragirre iazko martxoan. Auzitegi Gorenak, baina, 1985eko ekintza batekin lotutako epaia berriro aztertzea eskatu zuen eta, oraingo honetan, 425 urteko kartzela-zigor bat ezarri diote preso politikoari.
Bigarrenez epaitu dute Marixol Iparragirre preso politikoa ETAren 1985eko ekintza bat leporatuta. 2004tik 2019ra arte Frantziako Estatuan preso izan ondoren estraditatu zuten Iparragirre, Espainiako Estatuan haren aurka irekita zeuden hamabi auziak zirela-eta. Auzi horietako bat, hain zuzen, ETAk 1985ean Gasteizen (Araba) egindako ekintza bati lotutakoa zen; Espainiako Poliziaren aurka lehergailudun auto bat erabiltzea egozten zioten. 2020an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean kausa horrengatik, baina absolbitu egin zuten, ez baitzen frogatu Iparragirre Araba komandoa delakoaren parte zenik, ez eta ekintza horretan parte hartu zuenik.

Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, epaiketa berriro egin zedila eskatu zuen, lehen saio horretan froga daktiloskopikoak ez zirela behar beste kontuan hartu iritzita. Gauzak horrela, behin epaiketa berriro eginda, epaileak uste du frogatuta dagoela Iparragirrek gidatu zuela 1985eko ekintza horretan erabili zen autoa. Bere hatz-markekin bat datozen lau aztarna aurkitu zituztela argudiatu du auzitegiak zigor-epaia emateko eta, horrela, baliogabetu egin du iazko martxoan preso politikoa kargugabetu zuen epaia.

Iparragirrek helegite bat aurkeztu badezake ere, 425 urteko zigor bat ezarri nahi dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aurretik ere hainbatetan kondenatu dute auzitegian, eta ehunka urteko espetxe-zigorrak pilatu dizkiote jada. Gainera, 1997an Miguel Angel Blancoren hilketan parte hartu izana leporatuta ere auzipetu zuten joan den uztailean, Josetxo Arizkunekin eta Mikel Albisurekin batera. Hain zuzen, ekintza horren erantzule izatea egozten diete. ETAren 2002ko ekintza baten erantzukizuna ere jarri nahi dute Iparragirreren gain; Albisu bera, Jokin Sagarzazu, IƱaki Esparza, Ainhoa Mugika eta Jon Olarra ere ikerketapean daude horregatik.

Pauetik gertu atxilotu zuten Iparragirre 2004an eta, une honetan, Zaballan (Araba) daukate preso.
Conasa enpresako langileek bost egunez luzatuko dute greba
Lau greba egun egin dituzte jada euskarri informatikoen enpresako langileek. Azaroaren 7tik 11ra joko dute lanuztera.