AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

AEBetako etxegabeen %40k lan egiten dute

Etxerik gabeko pertsona kopuruak gora besterik ez du egiten AEBetan. Kalean bizi direnen ia erdiak dute soldatapeko lanen bat, baina ez da nahikoa etxebizitza ordaindu ahal izateko. 653.104 pertsona kalean bizi ziren 2023ko ekainean, AEBetako Etxebizitza- eta Hiri-Garapen Sailaren arabera.

Lan egiteak ez du etxe batean bizi ahal izatea bermatzen. Izan ere, Amerikako Estatu Batuetako (AEBak) ikerketa baten arabera, kalean bizi diren etxegabeen %40k egiten dute lan. Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeetan lo egiten dutenen artean, berriz, erdiak dauka soldatapeko lanen bat. 2010eko datuak dira horiek, Bruce D. Meyer ikertzaileak argitaratu berri dituenak. Lana izanda ere etxegabe izateko arriskua handia dela frogatu du, hala.

AEBetako pertsona etxegabeen artean, gehienek jasotzen zuten nolabaiteko diru-laguntzaren bat garai hartan: 65 urtetik beherakoen artean, 2010ean aterpetxeetan bizi ziren %89k eta kalean bizi zirenen %78k jasotzen zituzten elikagai-bonoak edo beteranoentzako dirulaguntzak; edota Medicare zein Medicaid osasun-programen parte ziren. Eta etxerik gabeko pertsonen artean, bestalde, desgaitasunak zituztenen kopurua oso altua zen, ikerketak dioenez. 2010ean, ia laurdenak (%24) zuen desgaitasunen bat.

Pobretzea, gainera, luzatu egiten da etxerik gabeko pertsonen artean, Meyer ikertzailearen arabera. Pertsona askok, etxebizitzaren bat lortu arren, pobrezia pairatu behar izan zuten hurrengo urteetan. 2005 eta 2015 artean, adibidez, etxegabe izateari utzi zioten estatubatuarren erdiak ez zuen urtean 2.000 dolar edo gehiagoko diru-sarrerarik, eta soilik laurdenak jasotzen zituen 12.000 dolar baino gehiago.

Etxegabe kopuruak gora egin du 2023an

Inoiz baino etxegabe gehiago dago AEBetan: 653.104 pertsona ziren etxerik ez zeukatenak 2023ko ekainean, State of Homelessness: 2024 Edition txostenaren arabera. Hala, iaz baino %12,1 etxegabe gehiago daude orain AEBetan, eta iaz baino %23 gehiago daude etxegabe-egoeran lehen aldiz.

Aterpetxeetan tokirik izan gabe zuzenean kalean bizi behar duten pertsonen kopuruak ere gora egin du. 2023an, 256.610 lagunek egin behar izaten zuten lo kalean, etxegabeak zirenen %40k, AEBetako Etxebizitza- eta Hiri-Garapen Sailak jakinarazi duenez. Horien artean nagusi dira, antza, pertsona indigenak, beltzak eta jatorri asiarrekoak.

Gizon gazte bat metroaren trenbidera bota du bere bikotekideak, Erandion
Astrabuduako geralekuan bota zuen nasatik behera, metro-ibilgailu bat pasatzera zihoanean. 21 urte ditu erasotzaileak.