AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aernnovako zuzendaritzak iruzur eginda kaleratu nahi ditu 82 langile, epaiketan salatu dutenez

Arabako hegazkingintza enpresako zuzendaritza epaitzen ari dira Bilbon, Berantevillako lantegian ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedientea dela-eta. Beharginek salatu dutenez, badira kaleratzeak deuseztatzeko arrazoiak, eta horiek justifikatzeko iruzur egin izana leporatu diete zuzendaritzako kideei.

Hasi da Bilbon (Bizkaia) hegazkingintza sektoreko Aernnova enpresaren aurkako epaiketa. Izan ere, enplegu-erregulazioko espediente baten bidez kanporatu nahi ditu 82 langile Berantevillako (Araba) lantegitik. Langileen defentsak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko epailearen aurrean adierazi duenez, iruzur egin du enpresako zuzendaritzak: enpresaren "bezero eta nagusia" den heinean, "lan-karga eta fakturazioa" baldintzatu dituela diote, espedientea justifikatu ahal izateko.

82 behargin kaleratu nahi ditu enpresak, 55 modu zuzenean, eta 27 ordaindutako kaleratzeen eta aurretiko erretiroen bidez. Epaiketa luzea espero dute, enpresaren aurkako hiru salaketa daudelako lantzeko.

Gaurkoan grebara jo eta Bilboko epaitegiaren aurrera bertaratu dira Berantevillako plantako 454 langileak, baita ITP Castings eta Tubacexekoak ere. Kaleratzeak aurreikusi dituzte bi enpresa horietan ere. Apirilaren 27an izango da ITP Castings enpresaren aurkako epaiketa, baina Tubacex enpresari egingo dioten epaiketaren data finkatzeke dago oraindik.

Hendaiako Epta-France enpresako langileek greba egin dute gaur, haien lan-baldintzen defentsan
Langileek salatu dute okerrera egin dutela soldatapeko lanean inposatzen dizkieten lan-baldintzek. Hozkailuak ekoizten dituzte Epta-Francen.