AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aguinaga enpresako langileek greba mugagabeari eusten diote, hiru hilabeteren ondoren

Mercedes-Benzen Bilboaldeko kontzesionarioko langileek urriaren 27an hasi zituzten lanuzteak, eta erabat blokeatuta jarraitzen dute negoziaketek. Lan-baldintzak hobetzeari uko egiten dio Aguinaga enpresak, azken hiru urteetan "4 milioi eurotik gorako irabaziak" poltsikoratu dituen arren.

Aguinaga Comercial da Mercedes-Benz automobilgintza enpresaren Bilboaldeko kontzesionario nagusia eta, osotara, 120 langilek osatzen dute plantilla Barakaldon (Bizkaia), Leioan (Bizkaia) eta Bilbon (Bizkaia) kokatutako lantokietan. Lan-hitzarmen berri baten proposamena martxoan egin zuten beharginek eta, salatu dutenez, negoziazioek ez dute ordutik aurrera egin.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, "[langileek] hilabeteak daramatzate zuzendaritzarekin bilerarik egin gabe" eta, testuinguru horretan, "Lan Harreman Kontseilura" jotzea "proposatu zioten langileek enpresari". Enpresak, ordea, ez du negoziatzeko asmorik erakutsi oraingoz eta, horrela, hitzamen berri bat galdegiteko manifestazio bat egin dute berriki langileek Barakaldon (Bizkaia).

Urriaren 27an jo zuten grebara langileek, astebeterako. Zuzendaritzaren jarrera zela eta, azaroaren 10ean ekin zioten greba mugagabeari. Protestan jarraitzen dute, beraz, eta esan dute greba ez dela bukatuko zuzendaritzak hitzarmena onartu arte.

Lanuzteak Euskal Trenbide Sarean

Euskal Trenbide Sareko langileek lanuzteak egin zituzten atzo lan-hitzarmen berri baten alde. Inflazioaren gorakada historikoaren testuinguruan, soldata-igoerak eskatzen dituzte beharginek eta, horretarako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Euskotrenen egoitzetan elkarretaratzeak egin dituzte. LAB sindikatuak azaldu duenez, "01:00etatik 03:00etara, 10:00etatik 12:00etara eta 20:00etatik 22:00etara" egin zituzten lanuzteak atzo eta, langileen aldarrikapenak aintzat hartu ezean, "protesta indartzeko" asmoa adierazi dute.

Txosnari lotutako erabaki autoritarioei eusten die Tolosako Udalak
Atzo, Tolosako udaletxera sartu ziren Txozna Batzordeko hainbat kide, udalaren jarrera salatzeko eta inauterietako txozna Euskal Herria Plazan manten dezatela exijitzeko. Protestei eta eskaera horiei "entzungor" egiten jarraitzen du udalak, eta hurrengo mobilizazio deialdietara adi egoteko esan du Txozna Batzordeak.