AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aholkulari pribatu gisa, 230.000 euroraino kobratu ahal izango ditu Arantxa Tapiak

KPMG eta CSP Iberian Bilbao Terminal korporazio pribatuekin hasiko da lanean, eta ehunka milaka euro jasotzeko baimena eman dio Jaurlaritzak.

Bata bestearen atzetik, sektore pribatuan muturra sartzen ari dira azken urteetan Eusko Jaurlaritzako kargu publikoak izan dituzten agintari jeltzaleak. Oraingoan, 2012tik 2024ra bitartean Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburu izandakoaren hurrengo mugimenduak atera dira argitara; Arantxa Tapiarenak, alegia. Hasieran Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) daukan postura itzuli zen arren, kanpo-aholkulari autonomo gisa hasi da lanean orain. KPMG (nagusiki aholkularitza zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa-munduan, antza) eta CSP Iberian Bilbao Terminal (garraioari lotuta dago) enpresak dira bere lehenengo bi bezeroak, urtebeterako gutxienez.

Sektore pribatura jauzi egin aurretik, batzorde espezifiko baten baimen-espedientea jaso behar dute azken bi urteetan kargu publikoren bat izan duten politikariek, bi ibilbideen bateragarritasuna aitortzeko. Aurreikustekoa zen bezala, Tapiari baimena eman diote aholkulari pribatu gisa aritzeko, eta soldata ikaragarriak jasotzea ahalbidetu diote: urtean 180.000 euro finko eta 50.000 euro aldakor jaso ahal izango ditu KPMG enpresaren partetik, eta 10.000 euro CSP Iberian Bilbao Terminaletik. Jaurlaritzak gaineratu du Tapiak ez zeukala aurretiazko harremanik bi konpainia horiekin.

elDiario.es atariaren arabera, KPMG enpresak asmo jakin batekin jo du Tapiarengana: "EAEko sektore publikoko eta pribatuko erakundeekin merkataritza- eta harreman-estrategia diseinatzeko eta ezartzeko aholkularitza" jaso nahi du beregandik, eta "sektore publikoan eta pribatuan negozio-aukerak identifikatzen" laguntzea ere nahi du.

Tapiaz gain, Jaurlaritzako beste agintari ohi batzuek ere hasi dute jadanik euren ibilbide propioa enpresa-mundu pribatuan: Osasun Saileko Mikel Sanchez da Mutualiako mediku-zuzendari berria eta Gotzone Sagardui Gasteizko (Araba) klinika pribatu batek fitxatu du; eta IƱigo Urkullu lehendakari ohiak eAtlantic lobbya jarri du martxan, BBVA, Kutxabank, Iberdrola eta Petronor enpresen eskutik.

60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik
"Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.