AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Alokabidek familia bat etxegabetu du Barakaldon

Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide eta Visesa sozietate publikoek bultzatu dute etxegabetzea, Berri Otxoak eta Argitan elkarteek salatu dutenez. Biolentzia matxista jasan duen emakume bat eta bi adingabeko utzi dituzte kalean.

Elkarretaratzea egin dute gaur Barakaldon (Bizkaia) etxegabetze bat geratzeko asmoz, baina ezin izan dute eragotzi. Beste familia bat kaleratu dute, kasu honetan, La Felicidad kaleko etxebizitza batetik, Alokabide eta Visesa sozietate publikoen ekimenez. Berri Otxoak eta Argitan elkarteek azaldu dutenez, indakeria matxistaren biktima da etxegabetutako andrea, eta bi ume adingabe ditu bere kargu.

Epaitegiko batzordeko kideek Poliziaren laguntzarekin gauzatu dute etxegabetzea; aurpegia estalita atera dira pisutik, bildutakoen oihu artean. Etxegabetzeen, langabeziaren eta murrizketen aurkako leloak zituzten pankarta batean, eta Etxegabetzeen aurka, langile erantzuna beste batean. "Botata utzi naute. Lotsagabe batzuk dira. Eman didaten soluzio bakarra da esatea gauerako pentsio bat topatu behar dudala", adierazi du kaleratutako andreak, Berria-k jaso duenez.

Hilabeteak zeramatzan langile familia horrek etxegabetzearen aurkako borrokan. Barakaldoko Udalarengana nahiz Jaurlaritzaren Etxebide zerbitzura jo zuten, baina kaleratzea berretsi baino ez zioten egin. Joan den uztailaren 30erako jarri zioten muga; orduko hartan, kaleratzea geratzea lortu zuten babesari esker, baina gaurkoan ezin izan dute eragotzi.

Amaia Egaña eta beste 1.500 familia

Berri Otxoak taldeak gogora ekarri du 2012ko azaroan eraildako Amaia Egañaren kasua. Barakaldon bertan, bere burua bota zuen etxegabetzea gauzatzera zihoazenean. Geroztik, zazpi urteotan, 1.500 familia utzi dituzte etxerik gabe Barakaldon.

Urteotan, gainera, bikoiztu egin da langabe kopurua Bizkaiko herri horretan, Berri Otxoaken arabera: 2008an 3.269 pertsona zeuden langabezian, eta 2017an 7.312 pertsona.

Langile bat eraila Murgan, lau metroko altueratik erorita
Atzo arratsaldean zendu zen behargina, Zorroza Gestion de Residuos enpresan soldatapean lanean ari zela, lau metroko altueratik amildu ostean. 2020. urtea hasi zenetik, gutxienez 15 langile erail dituzte Euskal Herrian.