AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Amnistiaren aldeko aldarria plazaratuko dute larunbatean Bilbon, borrokaren zilegitasuna ardatz

'Borrokatzea zilegi delako, amnistia osoa' izenpean, manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. "Borrokarako grina", eta beraz, "amnistiaren aldeko aldarrikapena", "belaunaldien arteko hari loteslea" dela adierazi dute AAEAMko kideek. Hala, zenbait presoren "izaera politikoan" jarri dute azpimarra, izaera hori "lapurtzeko" saiakerak salatzeaz gain. Bestalde, amnistiaren aldeko aldarria datozen hamarkadetan ere "ezinbestekoa" izango dela diote.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren eskutik, datorren larunbatean, azaroak 30, amnistiaren aldeko mobilizazioa izango da Bilbon (Bizkaia). Borrokatzea zilegi delako, amnistia osoa lemapean, 18:30ean hasiko da manifestazioa, Bihotz Sakratutik.

AAEAMko kideek urrian iragarri zuten aurtengo hitzordua, prentsaurreko bidez. Orduko hartan azaldu zutenez, aste honetako deialdian ere borrokaren zilegitasuna izango dute helduleku nagusi. Hala, adierazi zuten "borrokarako grina" dela "belaunaldien arteko lotura", eta hautu horren aldeko aldarria aterako dute kalera berriro, mobilizazio forman. "Amnistiaren aldarrikapena da batzuen eta besteen arteko hari loteslea", esan zuten.

Bestalde, "hainbat presori haien izaera politikoa lapurtzeko" egindako saiakerak gaitzetsi zituzten urriko prentsaurrekoan: "Ez dugu onartzen borroka moldearen araberako inolako bazterketarik". "Gogora ekarri nahi dugu, preso bat politiko bihurtzen duena ez dela biolentzia erabili ez izana, baizik eta askatasun kolektiboen defentsa aktiboa egiteagatik kartzelan egotea, batez ere, izaera politikoari uko egin ez badio, eta bere ibilbidearekin gainontzeko presoen bizi baldintzei kalterik ez badie eragiten", gehitu zuten.

AAEAMko kideek azpimarratu zuten "errepresaliatu politikoen existentziaren aldarrikapenaren bitartez, gatazkaren izaera politikoa defendatzea" izan dela haien "lehentasuna". Hala, "amnistiaren aldarrikapenari", "borrokaren zilegitasunaren defentsa" gehitu nahi izan diotela argitu zuten.

"Aurreko zikloaren ondorioz oraindik hamarkadetako kartzela zigorrak egiteke dituzten presoak daudela" gogorarazi zuten; baita, "gaurko eta etorkizuneko borroken ondorioz, preso berriak sortuko direla eta sortzen ari direla" ere. "Amnistiak, beraz, ezinbesteko aldarrikapena izaten jarraituko du datozen hamarkadetan".

Ikasle Abertzaleek oharra argitaratu dute gaurko 'Gora Ikasleon Borroka!' grebaren harira
Ikasle Abertzaleek ez dute parte hartu 'Gora Ikasleon Borroka!' dinamikak gaurko, azaroak 28, antolatutako mobilizazioetan. Greba, izatez, "langile mugimenduaren tresna historikoa" dela eta "ikasle langileen baldintzen hobekuntza" erdietsi beharko lukeela azaldu dute IAko kideek; 'Gora Ikasleon Borroka!'ren deialdiak, baina, kontrara, "antolakunde eta agenda instituzional zehatzak indartzeko funtzioa" baino ez duela salatu dute. Gaurko deialdiaren oinarrian "proposamen politiko abstraktuak eta edukiz hutsalak" egotea ere gaitzetsi du IAk, eta eredu horrek, ikasle mugimenduak azken urteetako "esperientzietatik ikasitakoa" baztertzen duela diote.