AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Amnistiaren aldeko manifestazioa egin zuten atzo Iruñean

Patxi Ruiz preso politikoaren gose grebaren ostean, Nafarroako hiriburuan manifestazioa deitu zuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak deialdia debekatu arren, amnistiaren aldeko aldarria kaleratu zuten atzo ehunka pertsonak. Espainiako Poliziak hainbat pertsona identifikatu zituen mobilizazioaren hasieran.

Atzo, hilak 27, amnistiaren aldeko mobilizazioa egin zuten Iruñean (Nafarroa), Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. Errekoleten plazatik abiatuta, Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten ehunka pertsonak, Borrokak ez du etenik, amnistia osoa! lelopean. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak deialdiari debekua ezarri zion, baina manifestazioarekin aurrera jarraituko zuela jakinarazi zuen AAEAMek.

Espainiako Poliziak hainbat pertsona identifikatu zituen manifestazioaren hasieran, eta gero, ez zieten manifestariei Alde Zaharretik kanpo mobilizazioa egiten utzi. Hala, gune horretan hartu zituzten kaleak, eta San Frantzisko plazan eman zuten amaitutzat ibilbidea.

"Patxi Ruizen borrokak agerian utzitakoaren haritik tiraka, kartzelaren izaera hiltzailea eta hau estatuek kalean egiten dutenaren isla dela salatu nahi genuen, sistema horren aurka dena eman dutenen zilegitasuna eta eskuzabaltasuna, eta amnistia aldarrikatzearekin batera", adierazi zuten atzo AAEAMeko kideek.

Preso politiko txantrearrak gose eta egarri grebari ekin zion maiatzean, presoen eskubideen defentsan eta protesta modura. 12 egunen ondoren bertan behera utzi zuen egarri greba, baina aurrera egin zuen gose grebarekin. 31 egunez egon zen borrokan, eta ekainaren 10ean, amaitutzat eman zuen greba. Preso politiko ugari batu ziren borrokaldira, "txapeoen" edota gose greben bidez. Euskal Herriko kaleetan ere izan dira elkartasun ekintzak, elkarretaratze zein gose grebak kasu.

Etxeko langile baten kaleratzea eta sektoreko langileek bizi duten egoera salatu dituzte Uharten
Kaleratua 15 urtez aritu da soldatapean familia berdinarentzat, eta indarkeria erabiliz kanporatu dute orain. Emakume langileak kontraturik gabe egin zuen lan 2012. urtera arte, eta kontratatzaileek ez diote zor dioten diru kopuru guztia ordaindu nahi. Kasu hau salatzeaz gain, orokorrean etxeko langileek jasan behar izaten dituzten baldintzen berri eman dute Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteak eta SOS Arrazakeriakek.