AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Amnistiaren aldeko manifestazioa egin zuten igandean Bilbon

Igandean, Bilboko kaleak zeharkatu zituen manifestazio baten bidez, amnistiaren aldarria zabaldu nahi izan zuten beste behin ere. Hala, presoen militante politiko izaera aldarrikatu eta haien kaleratzea galdegin zuten.

Joan den igandean, abuztuak 29, izan zen manifestazioa Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa! lemapean, Bilbon (Bizkaia). 19:30ean Zabalburutik irtenda, Bilboko kaleak zeharkatu zituen mobilizazioak, amnistiaren aldarria zabalduz.

Ibilbidearen amaieran eginiko irakurketan, besteak beste, borrokaren balioa eta errepresaliatu politiko guztien militante politiko izaera azpimarratu zituzten; hala, haien berehalako kaleratzea aldarrikatu zuten manifestariek. Bestalde, gogora ekarri nahi izan zuten COVID-19ak ekarritako egoeran zein baldintza gogorretan bizi behar duten preso, deportatu eta iheslari politikoek.

Sastraka, Esparru eta Etxauribarko Gaztetxea eraso dituzte abuztuan
Portugaleteko Sastrakak su hartu zuen aurreko astean. Gaztetxeko kideek salatu zutenez, interes "ekonomiko eta espekulatiboak medio", kanpotik eragindako sutea izan zen. Egun batzuk lehenago, Esparru gaztetxea zigilatu zuen Zizur Nagusiko Udalak, osasun-neurrien aitzakiapean. Gaztetxeko kideek, ordea, adierazi zuten ez zuela "oinarri sanitariorik" zigilatzeak, "errepresiboa baizik". Bestalde, Etxauribarko Gazte Asanbladak abuztuaren 13an eman zuen "Etxarriko ikuiluaren" birjabetzearen berri. Bost egunera atera behar izan zuten espaziotik asanbladako kideek, jasandako presioa tarteko. Etxauribarko Gaztetxearen "desalojoa" salatu zuen Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak.