AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Amurrion, 850 langileri eragingo liekeen aldi baterako espediente bat ezarri nahi du Tubos Reunidosek

Muga-zergei lotuta eskaeretan jaitsiera izan dela argudiatu du enpresak, eta uztailaren 8an hasiko da espedientearen inguruko kontsulta-aldia.

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri nahi du Amurrion (Araba) Tubos Reunidoseko enpresa-zuzendaritzak, 850 langilerengan izango lukeena eragina. Espedienteari buruzko kontsulta-aldia uztailaren 8an hasiko da ofizialki, eta zuzendaritzak orduan jakinaraziko ditu neurriaren xehetasunak eta horretarako erabiliko dituen argudio zehatzak.

Dena den, hainbat hedabidek aurreratu dutenez, eskaeretan izandako jaitsiera argudiatuko du enpresak espedientea aplikatzeko. El Correo-ren esanetan, "egoera geopolitikoak" eta gaur egungo muga-zergek eragin dute jaitsiera hori, eta aurreikuspenek diote, ustez, okerrera egingo duela merkatuak. Enpresak, oraingoz, esan du "behin-behinekoa" izango litzatekeela Amurriora begira hartu nahi duen erregulazio-neurria, eta "malgutasuna" emango liokeela horrek.

1892tik dago martxan Tubos Reunidos enpresa, eta Amurriokoa da bere egoitza nagusia. Aipatutako egunkariak emandako datuen arabera, 2024. urtearen amaieran, enpresak 1.400 bat langile zituen Amurrioko, Trapagarango (Bizkaia) eta Houstongo (Amerikako Estatu Batuak) lantegietan. Azken hiru urteetan, irabaziei dagokienez, emaitza positiboekin bukatu du urtea.

Atzo izan zen BSHko kaleratzeei buruzko hirugarren bilera
Langile-batzordeak laster aurkeztuko du kontra-txosten bat, multinazionalak itxiera justifikatzeko erabilitako arrazoiei aurre eginez. Larunbat honetan egingo dute manifestazio bat beharginek.