AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Amurrion, lanean ari ez zen ertzain batek arma batekin mehatxatu ditu gazte batzuk

Lagun batzuk lokatzean harrapatuta geratu ziren ostiral gauean, kotxean zihoazenean: ertzainak matrikulei argazkiak egin, arma atera eta gazteetako bat kolpatu zuen.

Ikerketapean dago ertzain bat, lanean ari ez zenean, gazte talde bati mehatxu egiteagatik Amurrion (Araba). Ostiral gauean izan ziren gertakariak. Itxura denez, zenbait autotan zihoazela, lokatzean harrapatuta gertatu ziren hainbat gazte, landa-eremuan. Handik gertu bizi da aipatutako polizia, eta soinua zela-eta hurbildu zen haiengana.

Ertzainak argazkiak egin zizkien harrapatuta zeuden kotxeen matrikulei, eta liskarra sortu zen orduan. Une horretan atera zuen arma agenteak, nahiz eta ez zen lanean ari, eta kargatu egin zuen gazteen aurrean. Horretaz gain, bertan zeuden pertsonetako bat jo zuen eta kalteak eragin zizkion ibilgailuetako bati.

Gazteek salaketa bat jarri zuten Laudioko (Araba) ertzain-etxean, eta haietako batek jasandako lesioen partea aurkeztu zuten. Larrialdi-zerbitzuetara deitu behar izan zuten horren aurretik.

Lanean ari ez zen beste polizia baten oldarraldia Bilbon

Duela gutxi eman dute lanean ari ez zen beste ertzain baten jarrera biolentoaren berri, kasu horretan, Bilboko (Bizkaia) Uribarri auzoan. Borroka batean parte hartu ostean, Ertzaintzako bere kideen aurrean identifikatzeari uko egin zion agenteak, eta eraso egin zien lankideei.

Arabako anbulantzietako langileei Ambulancias Gipuzkoak ordaindu zizkien urriko soldatak
Enpresa hori izan da gerora Arabako anbulantzia-zerbitzuaren kudeaketa eskuratu duena, Grup La Pau kanpoan utzita. Jaurlaritzak dio "bi enpresen arteko akordio bat" izan zela urriko soldatei buruzkoa.