AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Apirilaren 23an izango da Igorreko Kiñu Gaztetxearen aurkako epaiketa

Desalojo arriskuan dago Gaztetxea, eta apirileko epaiketan izango da horren inguruko ebazpena. Kiñuko kideek mobilizazio bat antolatu dute otsailaren 21erako, Gaztetxearen defentsan.

Datorren apirilaren 23an izango da Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxearen kontrako epaiketa, Durangon (Bizkaia). Bertako kideek ohartarazi dutenez, epaiketa horretan erabakiko da zer gertatuko den Kiñurekin, desalojo arriskuan baitago: Sabadell banketxea da eraikinaren jabe legala, eta 2020an ekin zion Gaztetxearen aurkako desalojo-prozesuari. Ordutik, Gaztetxea defendatzeko borrokan jardun dute hango kideek.

2022an egin zieten lehenengo epaiketa, baina 2023an berriz jarri zuten martxan Kiñu husteko prozesua, eta horren emaitza da apiril honetako epaiketa. Egoera ikusita, Gaztetxeko kideek manifestazio bat egingo dute otsailaren 21ean, Igorren bertan. Aurrerago emango dute hitzordu zehatzaren berri. "Amaierara arte dena emango dugu eta zu ere gure ondoan egotea behar dugu", azaldu dute.

Gogoan izan dute, dena den, Kiñun jasaten ari direna ezin dela "kasu isolatutzat hartu". "Gune okupatuak zein autogestionatuak etengabeko itotze-prozesuetan bizi gara eta horren adibide argiak dira Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxea, Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera mugimendua, Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka Gaztetxea edo Sestaoko (Bizkaia) Txirbilenea espazioa", zehaztu dute: "Botere ekonomikoarentzako eta politikoarentzako oztopo handia gara eta euren arma errepresibo eta juridiko guztiak baliatuko dituzte gu desagertzen saiatzeko".

Kiñuko kideek aldarrikatu dute, ordea, ez direla "belauniko geldituko": "Gune okupatuenganako eta autogestionatuenganako erasoak handitzen diren modura, gu ere ari gara saretzen eta gure amorrua zein elkartasuna antolatzen".

IAk martxoaren 13an greba egitera deitu ditu ikasleak
"Gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileon interesen alde" egin dute greba-deialdia, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan nahiz unibertsitatean.