AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Apustu etxeak ixteko "gaurdanik neurriak hartzera" deitu dute Ermitagaña-Mendebaldean

Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformen koordinadorak otsailaren 8rako deitutako mobilizazio egunean parte hartzera deitu du Ermitagaña-Mendebaldeako plataformak, eta ohartarazi du langileak direla "kaltetuenak" apustuen negozioak egunero zabaltzen duen kultura kapitalistan. Hitzaldi bat eta elkarretaratze bat ere egingo dituzte datozen egunetan.

Iazko ekainean irekitako Merkur joko aretoaren parean elkartu dira gaur Iruñerriko (Nafarroa) Ermitagaña eta Mendebaldea auzoetako plataformako kideak, apustu etxeen aurka Iruñerrian antolatutako borrokara batzeko deia zabaltzeko. Euren auzoetan dagoeneko hiru joko areto zabaldu dituztela azaldu dute, "hezkuntza espazioetatik oso hurbil". Nafarroan, 60 dira gutxienez. Horiek ixtea planteatzen dutela oroitarazi dute, "bide horretan gaurdanik neurriak hartuz: ordutegietan, tasetan, publizitatean...".

Ermitagaña-Mendebaldeako plataformak ohartarazi duenez, krisi testuinguruak sortutako hainbat baldintza probestuz, etekin ekonomikoen metatzea "balio sozial etikoen gainetik" jartzen dute enpresaburuek. Besteak beste, ludopatiaz, itxaropenaz, jendartearen zati handi baten pobretzeaz eta desesperazioaz baliatzen direla salatu dute, publizitatearen bidez "kultura kapitalista jendarte osoan zabalduz".

Logika kapitalista horretan, "kaltetuenak langileak" direla ohartarazi dute plataformako kideek, baldintza ekonomiko eta sozialek horretara bultza ditzaketelako. "Horrek ez du esan nahi apustu egiten dutenen artean dirudunak ez daudenik, baina dirudunak apustu ia seguruak egiteko adina diru dauka, merkantzia ezberdinak salerosiz eta espekulatuz. Esaterako, apustu etxe bat eraikiz".

Iruñerria mailako mobilizazioak

Apustu etxeekin amaitzeko bidean, Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformen koordinadorak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egin du gaur Ermitagaña-Mendebaldeako plataformak.

Asteazkenean, hitzaldia izango dute Nafarroa Liburutegian (18:00), eta kontzentrazoia egingo dute datorren larunbatean (otsailak 1), Mendebaldeako Eroskiren aurrean (13:00). Otsailaren 8an, aldiz, Iruñerria mailako manifestazioarekin bat egingo dute (18:00), auzotik zutabe bat aterata.

Lau egunetan lanuzteak egin dituzte Arabako Alestis lantegiko beharginek
Enpresak kaleratutako langile bati elkartasuna adierazteko, lanuzteak egin dituzte Arabako Alestis lantegiko beharginek. Enpresa zuzendaritzaren arabera, "kaleratze diziplinarioa" izan zen.