AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Arabako zahar etxeetako langileek greba egingo dute hilaren 28an

Sindikatuek otsailean utzi zuten hitzarmenari buruzko negoziazio-mahaia, patronalak atzera botatzen zuelako haien eskaera oro. Ordutik dago blokeatuta negoziaketa, eta langileek grebara joko dute berriz, hurrengo asteazkenean.

Borrokan jarraitzen dute Arabako zahar etxe pribatuetako beharginek. Blokeatuta jarraitzen du sindikatuen eta patronalen arteko elkarrizketak, eta beraz, ez dago ebatzita zein baldintza jasoko dituen sektoreko hitzarmenak. Sindikatuek —ELA eta LAB— joan den otsailean utzi zuten negoziazio-mahaia, patronalak uko egiten ziolako hitzarmeneko "edozein artikulu" aldatzeari. Arabako Foru Aldundiak uztailean deitu zituen bilera batera langileen ordezkariak eta patronalak, eta negoziazio-mahaia berriz eratzeko konpromisoa hartu zuten patronalek. Sindikatuek, baina, ez dute haien berri izan ordutik, eta geldirik daude elkarrizketak.

Langileek, beraz, grebara joko dute berriz irailaren 28an; manifestazio bat egingo dute 11:00etan, hainbat egoitzaren aurretik igarota eta Aldundiaren egoitza helmuga izanda. Negoziazio-mahaia berriz eratu dadila eskatuko dute, "langile guztiak behingoz duin bihurtuko" dituen hitzarmen bat lortzeko. Gogorarazi dutenez, aurretik, negoziazio-mahaia sor zedin, hiru urtez mobilizatu behar izan zirela.

Langileen "prekaritatea iraunarazteko tematuta" daude patronalak, langileen ordezkarien esanetan. Izan ere, patronalen "eskaintza" honakoa dela jakinarazi dute: urtean 1.200 euroko soldata 2026. urterako, KPIaren %16ko "karga akumulatuarekin" azken bi urteetatik, eta 1.742 orduko lanaldiekin.

La Surera, L'Espora eta La Quimera zentroak hustu dituzte azken egunetan
Herenegun izan ziren La Quimera eta L'Espora zentro okupatuen husteak Madrilen eta Bartzelonan, hurrenez hurren. Egun bat lehenago desalojatu zuten La Surera Casal Socialista Gironan.