AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Araluceko 141 langileak "soldatarik eta kalte-ordainik ordaindu gabe" kaleratzen saiatu dira Araluce eta Batz kooperatiba

Aurreko urtearen amaieran, Araluceren Igorreko lantegia itxi eta 141 beharginak kaleratu zituzten enpresako zuzendaritzak eta Batz kooperatibak. Borrokaldi gogorra abiatu zuten langileek, baina azken berrien arabera, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren onespena ere izan du kaleratzeak. Aurretik, Bilboko Merkataritza Epaitegiko lan-ikuskatzaileak adierazi zuen "legezko formulak ez zirela bete". Bestalde, langileek salatu dute haiek "soldatarik eta kalte-ordainik ordaindu gabe" kanporatzen saiatu dela enpresetako zuzendaritza.

Apirilaren 14an, asteartea, Bilboko (Bizkaia) bigarren Merkataritza Epaitegiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren ebazpena ezagutu zuten Igorreko (Bizkaia) Araluceko langileek: fabrika ixtea eta 141 beharginak kaleratzea onartu dute. Bilboko epaitegiak, enplegua arautzeko dosierra aztertu ostean, Lakuako Lan Agintaritzari helarazi zion bi orrialdeko txosten bat, kanporatze prozesua ontzat emanez. Lan Agintaritzak ere, bistan denez, Araluceren eta Batz kooperatibaren eginbidea babestu du.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, lan-ikuskatzaile batek aldez aurretik adierazi zuen prozesuan "ez direla legezko formulak bete". Gainera, jakinarazi dute Aralucek eta Batzek (enpresa-talde berdinaren parte dira) "soldatarik eta kalte-ordainik ordaindu gabe" saiatu direla 141 beharginak kaleratzen.

Hala, Batzek kanporatutako beharginak kontratatzeari uko egin ziola kontuan izanik, bere "kooperatibismo kapitalista" salatu du ELAk. Bide judizialari ekingo diola ere iragarri du.

Urritik borrokan

1949. urtean jarri zuten martxan Araluce lantegia Igorren, eta 2016.urtean erosi zuen Batz taldeak. Langileen lan baldintzek okerrera egin zutela azaldu dute: soldata %10 jaitsi zieten, lan-orduak igo ziren, eta abar. Bestalde, gutxienez 2020. urteko maiatzera arte langileen lanpostuak bermatzeko konpromisoa ere hartu zuen enpresa-taldeak, hitzarmen baten bidez. Hain zuzen, horren "truke" okertu zituen lan-baldintzak.

Azken hilabeteetako gertakariei dagokienean, aurreko urteko urrian, likidazio prozesu bat hasi zuen Batzek, Igorreko lantegia ixteko eta 141 langileak kaleratzeko asmo argiarekin. Prozesuaren aurka altxatu ziren beharginak, eta mobilizazioekin hasi ziren. Azaroaren hasieran, ekoizpena indarrez eten eta langileak kanporatu zituzten. Hala ere, Ertzaintzak lantokiko makineria ez eramatea lortu zuten langileek.

Azaroaren erdialdetik aurrera greban izan ziren, abenduaren amaierara arte. Orduan, Bilboko bigarren Merkataritza epaitegiaren aginduz, makinak eta materiala eramateari ekin zioten ertzainek. Agindua, baina, abenduaren 18an eman zen. Urte honen hasieran, Batzen sartzeko eskatu zuten beharginek, baina horri ere uko egin zion taldeak.

Garraiolari bat eraila Pasaiako portuan
Dirudienez, arraina deskargatu ondoren, bihotzekoak jota zendu da 50 urte inguruko behargina. Dena den, artatzen saiatu direnean, sukarra zuela ere konturatu dira.