AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

'Argia'-ri mehatxu egin dio Solway Investment Group multinazionalak

Guatemalako Paolina Albani kazetariari egindako elkarrizketa ezabatzeko eskatu dio enpresak hedabideari, bai eta 15.000 euro ordaintzeko ere. Besteak beste, Solwayen kutsadura-txostenei eta legez kontrako praktikei buruzko informazioa atera dute argitara zenbait kazetarik.

Kazetaritza ez da delitua aldarritzat hartuta eman du gertatutakoaren berri Argia komunikabideak. Solway Investment Group meatzaritza multinazionalak mehatxu egin dio hedabideari: Paolina Albani kazetari guatemalarrari egindako elkarrizketa borratzeko exijitu dio, baita enpresari 15.000 euroko ordainketa bat egiteko ere.

Argia-k apirilean argitaratu zuen Albanirekin izandako elkarrizketa. Prensa Comunitaria komunikabidean aritzen da guatemalarra, eta Mining Secrets ikerketari buruz eta Solway enpresari buruz hitz egin zuen Argia-rekin, besteak beste. Nazioarteko 65 kazetari ingururen esku dago ikerketa hori, eta milioika agiriko filtrazio bat jaso zuten.

Horiei esker jakin zuten, esaterako, kutsadura-txostenak ezkutatu zituztela garaian Solway multinazionalaren Guatemalako filialek (Suitzan du egoitza nagusia enpresak). Modu horretan gorde zuten, adibidez, Izabal lakuan eragindako kutsadura. Solwayen legez kontrako praktikei buruz ere hitz egin zuen Albanik Argia-rekin: Guatemalako polizia-indarrak nahiz tokiko liderrak diru bidez erosteko saiakerak, biziraupen-laboreak erretzeko planak, eta abar.

Bestalde, Albanik azaldu zuen deserosoa den informazioa lantzen duten kazetariak jazartzen dituela multinazionalak. Eta horixe bera erakutsi du Argia-ri egindako azken erasoak.

Solwayk Espainiako Estatuan duen abokatu taldea jarri da harremanetan Argia-rekin, eta enpresaren eskaerak bete ezean, auzia epaitegietara eramango duela esan dio. "Ez dugu elkarrizketa ezabatuko. Ez diguzue esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez. Ez dizuegu dirurik ordainduko, eta gainera, gaiaz informatzen jarraituko dugu. Kontrakoa lortu duzue", adierazi dute Argia-ko langileek.

Hirigintza-espekulazioaren kontra mobilizatu dira Berangon
2.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea jasotzen du Berangoko HAPOak, eta hirigintza-espekulazioaren kontra atera dira kalera ehunka bizilagun. Biharko dago ezarrita Otxantegi Herri Lurren hustea.