AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aske geratu da deportatua izateko arriskuan zegoen Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kidea

"Oztopo burokratikoak eta poliziaren gehiegikeriak" jasan ditu atxiloaldian, baina aske utzi dute jada. "Etxegabetzeekin eta deportazioekin amaitzeko", autodefentsa sozialista antolatzera deitu du Etxebizitza Sindikatuak.

Astelehenean atxilotu zuen Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuko kide bat Espainiako Poliziak, autobus geltokian. Bere aurkako deportazio-espediente bat zegoen indarrean, eta Atzerritartasun Bulegora eraman zuten atxilo. Etxebizitza Sindikatuak deituta, astelehen iluntzean protesta bat izan zen Atzerritartasun Bulegoaren aurrean, kidearen berehalako askatasuna exijitzeko. Horren ondoren ere lanean jarraitu zuen sindikatuak, jatorri marokoarreko kidea aske gera zedin.

Etxegabetze bati aurre egiteagatik atxilotu zuten gaztea 2021ean, eta horren harira jarri zuten martxan bere kontrako deportazio-prozedura. "Batzuentzat etxegabetze bat gelditzea isun ekonomikoa izan daiteke, eta beste batzuentzat, berriz, estatutik kanporatzea" salatu zuen Etxebizitza Sindikatuak astelehenean. "Proletario etorkinentzat oraindik eta zailagoa da beren bizi-baldintzak defendatzea eta antolatzea", gaineratu zuen.

Aske atzotik

Polizia-indarrek atzo iluntzera arte eduki zuten gatibu deportatua izateko arriskuan zegoen pertsona. Etxebizitza Sindikatuak, dena den, gauean jakinarazi zuen kidea kalean zela jada, nahiz eta "oztopo burokratikoak eta poliziaren gehiegikeriak" jasan behar izan zituen atxiloaldian.

"Egoera hori ez da errealitate isolatu bat: ehunka pertsona migrantek bizi dute gure hirian", nabarmendu zuten berriz sindikatuko kideek. Bestalde, "etxegabetzeekin eta deportazioekin amaitzeko", autodefentsa sozialista antolatzera deitu zuten.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kide bat atxilotu dute, eta deportatua izateko arriskuan dago
2021ean atxilotu zuten, Ertzaintzak bera ere bizi zen etxebizitza-blokea hustu zuenean, eta deportazio-espediente bat ireki zuten bere kontra. Kidearen berehalako askatasuna exijitu du Etxebizitza Sindikatuak, eta salatu du gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat. "Etxebizitza Sindikatuak proletario guztien antolaketa politikorako tresna izan nahi du: autodefentsa sozialista antolatu behar dugu, deportatu ez gaitzaten, etxetik bota ez gaitzatzen", argitu dute.