Gaur, hilaren 29an, epailearen aurrean deklaratu dute asteartean Iruñerrian (Nafarroa) atxilotutako hamar gazteek, Iruñeko Udaltzaingotik. Izan ere, han izan dituzte preso astearte goizetik gaurko egunera arte. Behin deklaratuta eta askatasun-agiriak sinatuta, aske geratu dira guztiak.
Hainbat iturrik gaur argitaratu dituzte asteartetik sekretupean egon den polizia-operazioaren nondik norakoak. Berria egunkariaren arabera, "talde kriminal" bati lotutako hainbat delitu egozten dizkiete gazteei; horrez gain, ordea, ETAren zatiketa baten ondorengo taldea izatea ere leporatu diete, gutxienez, atxilotuetako biri.