AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aste honetan ehunka kaleratze iragarri dituzte Hego Euskal Herrian

Tubacexek 150 behargin kanporatu nahi ditu, eta langileen %15 botatzea da ITP Aeroren asmoa. Siemens Guascorrek ere kaleratzeak egingo ditu, kopuru zehatzik eman ez badu ere. Jaurlaritzako sailburu Tapiak aste honetan iragarri ditu kanporatze gehiago, eta ez "bat edo bi". Gainera, beharginak kalera bidali aurretik soldatak jaistea bezalako "formulak" ezartzera dei egin die enpresei. Agoizko Siemens Gamesan 239 langile daude kaleratze arriskuan, eta aurrera doaz protestekin. Agoizko kaleak hartu zituzten atzo.

Gora doaz kaleratze masiboen iragarpenak Euskal Herrian ere. Amaitzear den aste honetan, esaterako, Tubacex, ITP Aero edota Siemens Guascor enpresek jakinarazi dute ehunka langile botako dituztela. Hain zuzen, Laudion (Araba) eta Amurrion (Araba) 150 behargin kanporatuko dituela adierazi du Tubacexek, ITP Aerok langileen %15 kaleratuko ditu (300 izango lirateke Bizkaiko lau plantetan), eta Siemens Guascorrek ere kaleratzeak iragarri ditu Zumaiako lantokian (ez du kopuru zehatzik atera argitara, baina 15 inguru izan daitezke).

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburu Arantxa Tapiak hartu zuen hitza Tubacexeko kaleratzeen harira. Azpimarratu zuen "albiste txarra" zirela kanporaketak, baina "errealistak" izan eta onartu egin beharko direla. El Correo egunkariak gaur argitaratu ditu Tapiaren adierazpen berriak: besteak beste, dei egin die enpresei, langileak kaleratzeko erabakia hartu aurretik, beste "formula" batzuk martxan jartzera. Soldatak jaistea da proposatu duen "formula" horietako bat.

Sapem eta Siemens Gamesa, itxita

Hilabetearen hasieran ere jakinarazi zituzten beste hainbat kaleratze. Arcelor Mittalek Aguraingo (Araba) Sapem fabrika zarratuko duela azaldu zuen, 11 behargin kalera bidaliz. Bestalde, Siemens Gamesak Agoizko (Nafarroa) lantokia itxiko duela eman zuen aditzera. 239 langilek jarduten dute han, eta mobilizazioei eta grebei ekin zieten zuzendaritzaren erabakia ezagutu bezain pronto.


Auzitegi Nazionalak 122 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marixol Iparragirre preso politikoari
Luciano Cortizoren aurkako atentatua "agintzea" leporatuta, 122 urteko zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Marixol Iparragirreri. Haren aurkako beste hamaika auzi dituzte zabalik.