AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Athleticeko zale bat atxilotu du Espainiako Poliziak, sare sozialetan argitaratutako mezuengatik

"Indarkeria bultzatzea" leporatu diote ortuellarrari. Besteak beste, jopuntuan jarri dituzte Ertzaintzari, Atletico Madrileko zaleei, euskal preso politikoei eta palestinar milizianoei buruz sare sozialetan esandakoak.

Ortuellako (Bizkaia) pertsona bat atxilotu zuen ekainaren 12an Espainiako Poliziak, sare sozialetan plazaratutako hainbat mezu zirela-eta. Athleticeko zalea da atxilotua, Meatzaldea Hintxak taldeko kidea hain zuzen ere, eta badirudi "indarkeria bultzatzea" egotzi diotela. Atzo eman zuten atxiloketaren berri hainbat komunikabidek.

Pertsona horrek sare sozialetan argitaratutako hainbat mezu seinalatu eta kriminalizatu ditu Poliziak. Itxura denez, batez ere, joan den martxoko partida baten aurretik esandakoak jarri ditu jopuntuan. Martxoaren 29an neurtu zituzten indarrak Athleticek eta Atletico Madrilek Bilbon (Bizkaia), eta horren aurretik "indarkeria bultzatu" zuela leporatu diote atxilotuari. Hain justu, Ertzaintzaren eta Atletico Madrileko zaleen inguruan egindako hainbat adierazpen jo dituzte erasotzat.

Martxoko partida horren aurretik, Atletico Madrileko hainbat zale faxistari aurre egin zieten Athleticeko jarraitzaileek. Gertakari horiek aitzakiatzat hartuta ireki omen zuten ikerketa bat polizia-indarrek, eta modu horretan topatu omen zituzten ortuellarrak sare sozialetan egindako adierazpenak.

Poliziak erasotzat jo dituen argitalpenak, baina, ez daude Bilboko gertakariei soilik lotuta. Meatzaldea Hintxakeko kidea atxilotzeko, argudiotzat jo dituzte euskal preso politikoei buruz plazaratu izan dituen mezuak, baita palestinar milizianoen irudiak argitaratu izana ere.

Hori gutxi balitz, atxilotua kriminalizatzeko, San Mames zelaian Sobietar Batasunaren bandera bat atera izana ere seinalatu dute polizia-indarrek. Athleticen eta Osasunaren arteko partida batean erakutsi zuen aldarria zale ortuellarrak. Horregatik guztiagatik atxilotu zuten hilaren 12an, eta epaitegira bertaratzera deitu zuten.

Beste bi sexu-erasoren berri eman dute Iurretan eta Gasteizen
Gasteizen, emakume bati ukituak egin zizkioten bi gizonezkok. Iurretan beste emakume bati egin zioten eraso larunbat gauean.