AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Atxilo jarraitzen dute atzoko greba egunean Baionan atxiloturiko lagunek

Atzo ere grebara jo zuten Frantziako Estatuan, eta 300 mobilizazio inguru egin zituzten. Baionan, gutxienez sei atxilotu izan ziren; tartean, GKSko bi kide. Istilu handiak izan dira gauean: gutxienez 457 pertsona atxilotu dituzte polizia-indarrek.

Erabateko protesta eguna izan zen atzokoa ere Frantziako Estatuan. Gobernuak pentsioen erreforma dekretu bidez inposatu eta zentsura mozioak gainditu ostean, mobilizazio gehiagorekin erantzun dute kalean: hainbat egunez protesta jendetsuak eta liskarrak hedatu ostean, greba egun orokor bat izan zen atzokoan. Aurten egin diren gainerako zortzi greba egunen modura, mobilizazio handiak izan ziren atzo: 300 inguru. Baionaren (Lapurdi) kasuan, esaterako, orain arteko manifestaziorik jendetsuena izan zen goizean. Sindikatuen arabera, 24.000 pertsona elkartu ziren han.

Istiluak izan ziren eguerdian Lapurdiko hiriburuan, geltoki inguruan. Goizeko mobilizazioa amaitzean, autobidera iristen saiatu ziren manifestariak, eta haien kontra egin zuten polizia-indarrek. Besteak beste, negarra eragiteko gasa erabili zuten euren aurka.

Gutxienez sei lagun atxilotu zituzten poliziek; tartean, Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistako bi kide. Arratsaldean, Mugimendu Sozialistak deituta, protesta bat egin zuten Baionako polizia-etxe aurrean, atxilotuak aske utz zitzatela exijitzeko. Han igaro behar izan dute gaua, eta atxilo jarraitzen dute.


Istilu handiak gauean

Atzoko egunean zehar ehunka mobilizazio izan ziren estatuan, eta greba egin zuten berriz hezkuntzako, findegietako edota zaborraren bilketako langileek. Parisko aldirietan, esaterako, bertan behera geratu ziren tren-zerbitzuen %50 eta %80 artean, Berria-k jaso duenez. Lanuzten ondorioak nabariak dira jada: zenbait gasolindegitan, esaterako, erregairik gabe geratzen ari dira, findegietako beharginen grebak direla-eta.

Bart protestek jarraitu dute estatu osoan zehar, eta liskar handiak izan dira: beirak hautsi eta edukiontziei su eman diete hainbat tokitan. Bordelen, besteak beste, herriko etxeko atariari eman diote su. Polizia-indarrak berriz oldartu dira gogor manifestarien kontra, eta gutxienez 457 pertsona hartu dituzte atxilo. Parisen soilik, 5.000 polizia-agente mobilizatu zituzten atzorako.

Erretretaren erreformarekin, erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratuko du gobernuak.

Askatasun politikoen aldeko itxialdia egin dute Madrilgo Complutense Unibertsitatean
350 bat ikasle elkartu dira UCMko Filosofia eta Filologia fakultatean, "ikasleen espazioen aurkako ofentsibaren aurka". Ikasle mugimenduaren iniziatiben kontrako jazarpena eta indar polizialen presentzia salatu dituzte, baita unibertsitateko oinarrizko zerbitzuak "errentagarritasun ekonomikoaren logikaren menpe daudela" ere. Ekimena "datozen borrokak pentsatzeko topaketa" bihurtzeko asmoa adierazi dute.