AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Atzo hasi zuten greba ITP Aeroko langileek, kaleratzeak gelditzeko asmoz

Bihar amaituko da negoziaziorako epea, eta momentuz, 194 langile dira Zamudioko lantegitik kaleratuak izango direnak. Atzo eman zioten hasiera beharginek, manifestazio batekin, hiru eguneko greba izango denari. Langile batzordeko hainbatek uste du luzapen bat egon daitekeela.

Bihar, hilak 16, izango da ITP Aeroko langileen eta zuzendaritzaren arteko negoziaziorako ezarritako epearen azkeneko eguna. Ez dago aldaketarik, eta zuzendaritzak, ekoizpenarekin lotutako arrazoiak argudiatuta, Zamudioko (Bizkaia) plantako 194 langile kaleratu nahian jarraitzen du. Horietatik 101 dira ekoizpen arlokoak, eta 93 bulegoko langileak. Beharginen %15,3 dira.

Aldi baterako enplegu erregulazioa luzatzea eskatzen du langile batzordeak: "Langile bakoitzari 35 eguneko aldi baterako erregulazio ezarrita, kaleratzeak ez dira beharrezkoak", diote. Atzo, hilak 14, hiru eguneko greba hasi zuten langileek, negoziaziorako epearen azkeneko egunera arte iraungo duena. Manifestazio bat egin zuten.

Azkeneko urteetan enpresak kontrataturiko behin-behineko langileak izango dira kaltetuenak kaleratzeetan. Bi urte baino gehiago daramate enpresan, beraz, kontratu finkoak izan beharko lituzkete jada. Plantillaren %12 dira eta gehienak gazteak dira.

"ERAKARGARRIAGO"

Honek guztiak arrazoi argia dauka, langileen esanetan. Duela bi urte Indra enpresak erosi nahi izan zuen ITP enpresa baina, gaur egun, oraindik salgai dauka Rolls Roycek. Arrazoia, soldaten "kostua" murriztu nahi dituztela: "Erakargarriago bihurtu nahi gaituzte erosle izan daitezkeenentzat".

Izatez bihar emango dute amaitutzat negoziazioa, baina badago luzatu daitekeela pentsatzen duenik langile batzordean. Horretarako, enplegu espedientea ez sinatzea omen da ezinbesteko baldintza. Espediente horrek, baina, Zamudioko plantari eragiteaz gain, Alcobendas eta Aljavirreko lantokiei ere eragiten die. Horregatik, langile batzorde bateratua osatu dute.

UZTAILETIK BORROKAN

ITP Aeroko langileek uztailetik daramate mobilizazioekin, enpresak iragarri baitzuen 600 langile kaleratuko dituela. Bizkaian lau lantegi ditu ITP Aerok, Zamudion, Barakaldon, Sestaon eta Derion, eta langileek mobilizazioei ekin zieten irailean. Manifestazio bat egin ostean, Zamudioko plantan 194 kaleratze izango direla atera zen argitara. Ordutik ere borrokan jarraitzen dute beharginek.

GKS: "Askatasun eza pobrezia da eta pobrezia askatasun eza"
"Pobrezia eta askatasun eza" dira "ziklo ekonomiko berriak berrezarri duen bizi eredu proletarioaren ezaugarri nagusiak", GKSko kideen esanetan. Biak "bereizezinak" direla eta euren "jatorria gizarte zibilaren klase arteko banaketan kokatzen" dela azaldu dute, eta "pobreziaren aurkako eta askatasunen defentsarako zein zabalpenerako proiektu politikoa", hain zuzen, "erregimen burges osoaren aurkako proiektu unibertsala" izango litzatekeela diote. Horri erantzungo lioke prozesu sozialistak, eta horren "garapenerako baldintza politiko eta materialak eskuratzen eta indartzen jarraituko" dute aurten GKSko kideek. "Gaitasun militanteak handitzea" eta "koiuntura politiko eta ekonomikoaren inguruko esku-hartze ideologiko zein praktiko eraginkorrak" martxan jartzea izango dute helburu.