AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aurpegi-miaketarako "arma berri bat" jarriko dute martxan Espainiako Estatuko polizia-indarrek

Udazkenean ekin nahi diote teknologia biometriko berria erabiltzeari, eta horretarako beharrezkoak diren "legezko onespenak" eskatu ditu Poliziak. "Aurpegia identifikatzeko sistemak geratzeko etorri dira", adierazi du Espainiako Estatuko Polizia Zientifikoko komisario nagusiak. Europar Batasuna, gainera, 400.000 pertsonaren aurpegien irudiak eta hatz-markak jasotzeko datu-base erraldoi bat ari da prestatzen.

Espainiako Estatuko polizia-indarrek urte honetan jarriko dute martxan aurpegi-miaketarako sistema automatiko berri bat; edo hori da asmoa behintzat, Polizia Zientifikoko komisario Pedro Luis Melidak aste honetan azaldu duenez. Sistema berria udazkenean ezarri ahal izateko, dena den, beharrezkoak izango diren "legezko onespenak" eskatu ditu.

Melidaren arabera, polizia-indarrek froga ugari egin dituzte jada teknologia biometriko berriarekin, eta "emaitzak oso onak" izan direla dio. "Erabil dezakegun arma berri bat da", nabarmendu du. "Aurpegia identifikatzeko sistemak geratzeko etorri dira. Potentzial handia dute, Adimen Artifizialarekin lotutako guztiak bezala. Beraz, nire ustez, polizia-arma berri batez ari gara", gaineratu du.


DATU BILKETA MASIBOA EUROPAN

Europar Batasuna, bestalde, datu-base erraldoi bat ari da prestatzen. 2022tik aurrera, Europar Batasunetik kanpoko 400 milioi pertsonaren aurpegien irudiak eta hatz-markak jasoko dituzte sistema horretan. Helburua da, azaldu dutenez, "Schengen eremuan sarrerak eta irteerak kontrolatzea".

Aste honetan egindako adierazpenetan, Melidak esan du, gainera, sare sozialen bidez zabaltzen diren irudiak erabiltzen dituztela datu-base modura. "Bilatzen ari diren pertsonen" argazkiekin alderatzen omen dituzte sare sozialetan argitaratzen diren irudiak. Hala ere, Polizia Zientifikoko komisarioaren esanetan, alor horretan polizia-agenteek erabiltzen dituzten irudi gehienak bideo-zaintza kamerek jasotakoak dira.

Iaz atera zen argitara, bestalde, aurpegi-miaketarako eta masen kontrolerako sistema berri bat ari direla garatzen Espainiako Estatuan, Ai-Mars izenpean.

Topaketa Sozialistak egingo ditu GKSk uztailean
Datozen asteetan izango dira Topaketa Sozialistak Araban, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan nahiz Ipar Euskal Herrian. Aurretik egin modura, zenbait espazio egokitzeko lanak nahiz tailer praktikoak egingo dituzte herrialde mailako elkarguneetan, eta formakuntza politikorako zenbait saio ere eskainiko dituzte. Dena den, garrantzia berezia izango du sozializaziorako eta aisialdirako aukerak ere, "komunitate politiko sozialistaren eraikuntzan" beste pauso bat ematea helburu.