AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aurreko asteburuan Bartzelonan eta laster Bilbon, etxebizitza eskubidearen alde

Larunbatean 126.000 bat pertsona mobilizatu ziren Bartzelonan, higiezinen negozioarekin amaitzeko neurriak exijitzeko. Abenduaren 14rako, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek egin dute deialdi bat, Bilbon.

Erraldoiak izaten ari dira han-hemenka, etxebizitzaren negozioaren kontra, antolatzen ari diren manifestazioak. Urriaren 13an, 150.000 lagun inguru atera ziren kalera Madrilen, etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzeko: errentatzaileen negozio-interesak eta haien defentsan jarduten duten politikari profesionalak seinalatu zituzten.

Joan den asteburuan, berriz, Bartzelona hartu du olatu handi batek: 126.000 bat pertsona mobilizatu ziren larunbatean, etxebizitza eskubidearen alde orduan ere. Higiezinen espekulazioa salatu zuten, eta Madrilen egin bezala, gehiegizko alokairuak eta miseriaren kontura bizi diren errentatzaileak jarri zituzten jopuntuan.

Beste hainbat lurraldetan ere ari dira etxebizitzaren negozioaren aurka protestan, hala nola, Balearretan, Burgosen eta Granadan.

Abenduaren 14an Bilbon

Laster, baina, Euskal Herrian karrikak hartzeko unea izango da. Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek deialdi bateratu bat egin dute Bilbon (Bizkaia), abenduaren 14rako. Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez! lelopean, manifestazio bat antolatu dute egun horretarako. Moyuatik abiatuko da, eguerdiko 13:00etan.

Deialdi horri begira, Euskal Herri osoan barrena ari dira lanean etxebizitza sindikatuak, eta mobilizazioren bat ere izango da aurretik. Iruñean (Nafarroa), adibidez, ostegun honetan egingo dute manifestazio bat, "Nafarroan ere dinamika mobilizatorio bat hauspotzeko" asmoz. 19:00etan hasiko da Errekoleten Plazatik.

Gutxienez 3.443 palestinar dituzte "atxiloaldi administratiboan" sionistek
Okupatutako Zisjordanian eta Jerusalemen atxilotu eta kargurik gabe espetxeratutako palestinarrei buruzko zifrak baino ez dira horiek. Udako datuen arabera, sionistek 21.000 palestinar zituzten espetxeetan, eta iazko urriaren 7tik, gutxienez 45 preso erail dituzte sionistek.