AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aurrera doaz uztaileko ekimenak Zumaiako Etxape Zentro Sozialistan

Hurrengo astean, besteak beste, lan-egun bat eta Gipuzkoako ostalaritzako itun berriari buruzko saio bat egingo dituzte Etxapen. Laneko Autodefentsa Sarearen eskutik, martxan jarraitzen du Aholkularitza Bulegoak ere.

Zortzi hilabete baino gehiago igaro dira Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eskualdean Zentro Sozialista bat ireki zuenetik: Etxape. Hilabete luzez tokia egokitzeko lanetan aritu ostean eta espazioa egonkortzeko bermeak lortu ondoren, joan den apirilean aurkeztu zuten Zentro Sozialista berritua jendaurrean, eta jakinarazi zuten jardun politiko eta sozialerako prest zegoela jada Langile Kontrolpeko Espazioa.

Ordutik, hainbat eta hainbat ekimen antolatu dituzte Etxapen. Aholkularitza Bulego bat jarri dute martxan, oraingoz eskualdeko Laneko Autodefentsa Sareak erabiltzen duena soldatapeko lanean arazoak dituzten pertsonei aholkularitza eta babesa emateko, eta hitzaldiak eta tailerrak emateari ere ekin dio sare horrek; adibidez, nominak irakurtzen ikasteko tailerra.

Bestelako hitzaldi eta aurkezpenak ere egin dituzte Zentro Sozialistan azken asteetan; esaterako, etxebizitzaren arazoari buruzko jardunaldi batzuk, Errakiren Aukerak giltzapean bideoerreportajearen aurkezpena, edota Nafarroako ezker iraultzaileari buruzko saio bat Imanol Satrustegiren eskutik.

Uztailean ere, zenbait hitzordu

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak hainbat hitzordu jarri zituen uztailerako ere. Atzo Modelo 77 filma eman zuten Etxapen, eta hurrengo ostiralean, hilaren 21ean, lan-egun bat egingo dute, espazioa egokitzen eta atontzen jarraitzeko. 16:00etan hasita lanean aritu eta gero, parrillada musikatu bat egingo dute Zentro Sozialistatik gertu, eta Trivial Gaua izango da horren ostean.

Uztailaren 27an, berriz, beste saio bat eskainiko du Etxapen eskualdeko Laneko Autodefentsa Sareak. Hain justu, Gipuzkoako ostalaritzako lan-hitzarmen berria aztertuko dute tailer baten bidez, eta zalantzak argitzen saiatuko dira. 19:00etan izango da.

Emakume bat bortxatu zuten Ondarroan hilaren hasieran
Zapato Azule festan izan zen erasoa, uztailaren 1ean. Hiru egun beranduago atxilotu zuten bortxatzailea.