AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Aurtengo jardunaldi nazionalaren egitaraua zehaztu du Itaiak

Ekainaren 4an izango da Itaiaren jardunaldi nazionala, Hernanin. Hiru hitzaldi nagusi antolatu dituzte egun horretarako; besteak beste, emakume langileek jasaten duten zapalkuntza, gaur egun bizitzen ari diren egoera ekonomiko zein politikoa eta ahalduntze politikoa izango dituzte hizpide. Jardunaldirako sarrerak eskuragarri daude jada.

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak apirilean jakinarazi zuen Euskal Herri mailako jardunaldi bat egingo duela aurten ere. Iaz Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa) ehunka lagun bildu eta ia urtebetera, Hernanin (Gipuzkoa) egingo du jardunaldi nazionala Itaiak, datorren ekainaren 4an. Emakume langileek jasaten duten zapalkuntzaren inguruko "analisiak egitea" da jardunaldiaren helburu nagusia, baita "horri aurre egiteko ditugun erronka politikoen inguruan eztabaidatzea" ere.

Atzo argitaratu zuten jardunaldiaren egitaraua Itaiako kideek. Ekainaren 4an 10:00etan elkartuko dira Hernanin, eta 10:30ean izango da aurreneko hitzaldia: Emakumeon zapalkuntzaren azterketa eta horren ondorio politikoak. Handik bi ordura, 12:30ean, eguneko bigarren hitzaldiari ekingo diote: Emakume langileon egoera egun. Joera ekonomiko, politiko eta kulturala.

Bi saio indartsu horien ostean, bazkaltzeko tarte bat izango da, eta 17:00etan hasiko da eguneko hirugarren eta azken hitzaldia: Emakume frontearen erronkak eta emakumen ahalduntze politikoa.

Saio guztiak bukatzean, 19:30ean, jaialdi bati emango diote hasiera Hernanin bertan. Lau musika talde arituko dira: Ithaka, Trikoma, J Martina eta Malakias&Maixa.

Oraindik ez dute argitu Hernaniko zein lekutan izango den ekimen bakoitza, baina aurrerago zehaztuko dituzte xehetasunak. Bestalde, jardunaldirako sarrerak eskuragai daudela azaldu dute; eskuratu nahi dituztenek, tokian tokiko Itaiako kideengana jo dezakete.

Ikusgai dago 'Burdin Hesia' programaren hamabosgarren atala
Herrialde Katalanetan ezker independentistaren barruan eztanda egin duten eztabaida politikoez aritu dira saioan, baita Frantziako Estatuan egin berri diren presidentetza-hauteskundeez ere.