AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Auzitegi Konstituzionalak aurrekari bat jarri du, lanean egindako hutsegite arrazoituak, langileak kaleratzeko berme nahikoa izan daitezen

Bartzelonako telekomunikazio enpresa batean lan egiten zuen emakume baten kaleratzea aztertu berri du Auzitegi Konstituzionalak. Ebazpenak, ordea, enpresari eman dio arrazoi, 2012. urteko lan-erreforma ardatz hartuta. Hala, justifikazioa izan arren lanera ez joatea, behargina kaleratzeko kausa dela ebatzi du auzitegiak, aurrekari bat sortuz.

Kaleratze bidegabea salatu zuen Bartzelonako (Herrialde Katalanak) telekomunikazio enpresa batean soldatapean lan egiten zuen emakume behargin batek, 2016. urtean lanean egindako hutsegiteak arrazoituak zirela argudiatuz. Izan ere, disko-hernia zuen langileak, eta enpresak kaleratu egin zuen, "bederatzi egunean lanera ez joateagatik".

Kasuaren partikulartasunetik harago, kaleratzearen oinarri legala konstituzionala zen edo ez eztabaidatu berri dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Auzitegiak, baina, ez dio arrazoia eman langileari, enpresari baizik. Hala, lanera ez joateagatik egiten diren kaleratzeak, konstituzioaren barruan legalak direla ebatzi dute oraingoan. Lanean egindako hutsegite arrazoituak, behargina kaleratzeko kausa dira, beraz.

Aurrekari arriskutsua

Asteartean Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiak 2010. eta 2012. urteetako lan erreformen interpretazio zurruna lehenetsi du, eta absentismo laborala modu zuzenean kondenatu du. Ebazpenaren arabera, enpresari batek eskubidea du langile bat kaleratzeko aldizka lanera joaten ez bada, nahiz eta huts egiteek justifikazioa izan.

Lan Estatutuko 52. artikuluaren arabera, kaleratzea bidezkoa litzateke beharginak bi hilabetez lan orduen %20 beteko ez balu, nahiz eta hutsegite horiek arrazoituta egon. Kaleratzea gauzatzeko beste irizpide bat, urte osoko lan orduen %5 galdu izana da. Baldintza horiek betetzen badira, langilea kaleratu eta 20 eguneko kalte-ordaina jasoko luke, lan egindako urte bakoitzeko. Kaleratze bidegabea izango balitz, ordea, enpresak beharginari kalte-ordain handiagoak ordaindu, edota langilea berriro kontratatu beharko luke.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hilabeteko greba egingo dute berriro
Gaur, hilak 31, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako emakume langileek erabaki dute hilabeteko grebara batzea berriro, Aldundiaren "arduragabekeria" dela medio. Deialdi berri honekin, 149 greba egun beteko dituzte lan hitzarmenaren alde borrokan.