AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Azpeitian protesta egin dute, Sanjuandegin izan diren azken eraso matxistak salatzeko

Sanjuandegiko festetan hainbat emakumeri eraso diete, eta gutxienez birritan jarri behar izan da martxan eraso matxisten kontrako protokoloa. Atzo, elkarretaratze bat izan zen, Itaiak eta Festa Batzordeak deituta.

Maiatzaren amaieran hasi eta aurreko asteburura arte bitartean ospatu dituzte jaiak Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanjuandegi auzoan. Aste honen hasieran Urola Erdiko Itaiak eta auzoko Festa Batzordeak jakinarazi zutenez, aurten gutxienez bi aldiz jarri behar izan dute martxan eraso matxisten kontrako protokoloa. Gainera, jaietan zehar "mota desberdinetako indarkeria matxista kasu ugari" izan direla azaldu dute; hala nola, "jarraipenak, jazarpen fisiko nahiz hitzezkoak, intimidazioak, eta abar".

Eraso horiek guztiak salatu dituzte Itaiak eta Festa Batzordeak: "Saldu nahi diguten horretatik urrun, oraindik ere gure aurkako erasoek errealitate izaten jarraitzen dute eta Sanjuandegiko festetan hainbeste eraso izatea horren erakusle da, egoera kezkagarri baten aurrean aurkitzen garenaren isla". Gaineratu dute erasoak "modu nabarmenean areagotzen" direla "jai giroan" eta, "testuinguru horretan, eraso matxistek inpunitatea irabazten" dutela: "Normalizatu egiten dira gure aurkako jazarpen eta biolentzia jarrerak".

Hala, protestara deitu zuten Itaiako eta Festa Batzordeko kideek: atzo arratsaldean, 19:30ean, elkarretaratze bat egin zuten Sanjuandegiko plaza txikian. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean, jende ugari batu zen protestara.

Gutxienez bost eraso matxistaren berri eman dute azken egunetan Gasteizen eta Legorretan
Hiru emakumeri eraso diete euren bikotekideek Legorretan eta Gasteizen. Bestalde, bi sexu-erasoren berri eman dute Arabako hiriburuan: 11 urteko haur bati egin dio eraso gizon batek, eta beste emakume bati beste gizon batek.