AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Babesten duten "ildo sozialista" dela-eta, erasoak jasan dituzte Arrakalako kideek

"Beste talde feminista bateko" kideen partetik erasoak jasan dituzte Ibaetako campuseko Arrakala taldeko kideek, adierazpen bidez jakinarazi dutenez. Azaroaren 25aren harira antolatutako ekimenen bueltan, "asmo morboso eta blokeatzaileak" zituzten hainbat ekintza salatu dituzte, hala. Erasoak "klase ikuspuntua oinarri politiko bezala dutenen" aurkako eraso bezala kokatu ditu Arrakalak. Horren aurrean, posizio politikoa argitu eta eztabaidarako prestutasuna azaldu du, zintzotasun politikoa baldintza modura jarrita, eta berretsi egin du klase feminismoaren aldeko hautua. Bestalde, GUETeko "burkideei, elkartasun eta babes osoa" adierazi die komunikatuan.

Abenduaren 6an, ostirala, adierazpen bat argitaratu zuten Ibaetako (Gipuzkoa) campuseko Arrakala emakume taldeko kideek, "genero zapalkuntzaren aurka borrokatzen duen beste talde feminista batek" eginiko erasoen berri emateko. Azaroaren 25aren testuinguruan kokatu zituzten jasandako erasoak; Arrakalak antolatutako tailer, mahai inguru, hitzaldi eta abarren bueltan, hain zuzen. Arrakalaren jardun politikoaren aurkako erantzunak, "eraikitzaileak izatetik urrun", defendatzen duten "klase feminismoa erasotzeko eta oztopatzeko helburuarekin" egin direla azpimarratu zuten taldeko kideek.

Nabarmendu zuten, Azaroan 25aren harira Ibaetan prestatutako ekimenak izan zirela Arrakalak defendatzen duen "korronte feminista, modu nabarian plazaratu" zuten lehen aldia. Testuinguru horretan, defendatzen diharduten korrontearekiko "etsaitasunaren" isla gisara kokatu zituzten egin dizkieten erasoak; Arrakalako kideen esanetan, haien inguruko "iruditegi okerra sortzea eta taldea desitxuratzea" bilatzen zutenak. Eraso horiek, soilik haien aurkakoak izatetik harago, kolektibo zabalago baten aurkakoak direla nabarmendu zuten Arrakalakoek; zehazki, "klase ikuspuntua oinarri politiko bezala dutenen" aurkakoak.

Argipenak erantzun modura

"Desitxuratze" saiakeren aurka, beren jardun politikoaren inguruko hainbat argipen egin zituzten Arrakalako kideek, klase feminismoaren aldeko hautua berresteko. Batetik, "emakume langilea, eta ez emakumea modu abstraktuan", jarri zuten analisiaren erdigunean, taldearen ustetan, bera delako "subjektu debaluatua eta zapaldua". Arrakalaren arabera, "genero auzia, osotasun kapitalistaren baitan" kokatu beharra dago, eta emakume langilea, "ekoizpen prozesuan betetzen duen funtzioak" determinatua ageri da; "lan banaketa sexualaren ondorioz, debaluatua", hain zuzen. "Genero zapalkuntza horretatik botere eta etekin erreala, burgesiak ateratzen du", azpimarratu zuten.

Hala, Azaroaren 25eko jardueretan erabili zuten lemaren zentzua aldarrikatu zuten; "indarkeria matxistaren aurka, klase batasuna". Izan ere, "emakumearen askapen errealerako berme bakarra langile klase osoaren antolakuntza" dela galdegin zuten. Dena den, argitu zuten egun "gizon langileak zapaltzen gaituela", eta ez dituztela "hark emakume langileari egiten dizkion erasoak justifikatzen". "Kontrara, klase batasuna azpimarratzen dugunean, batasun erreal bat emateko langile klasearen baitan dauden erasotzaile figura horiek borrokatzeko eta salatzeko beharrezkotasuna eta betebeharra dugula uste dugu", zioten adierazpenean.

Eztabaidarako deia

"Desadostasun politikoak plazaratzeko eta eztabaidatzeko espazio politikoak garatzeko" prest agertu ziren, hala, Ibaetako campuseko emakume taldeko kideak. Horretarako baldintza, baina, gainontzeko "talde eta iritziekiko errespetua" eta "jarrera eraikitzailea" direla gogorarazi zuten.

Elkartasuna GUETeko kideei

Joan den ostegunean GEDAR LANGILE KAZETAk jaso zuen bezala, Gasteizko (Araba) Unibertsitateko Emakume Taldeak adierazpen bat argitaratu zuen, azken asteetan jasandako erasoak zirela-eta. GUETek ere taldeak babesten dituen "oinarri politikoak" jarri zituen erasoen kausa bezala. Arrakalako kideek "babes eta elkartasun guztia" adierazi zieten GUETeko "burkideei".

Greba mugagabea abiatu dute Arabako Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek
Irailean hasitako mobilizazio zikloarekin jarraituz, greba mugagabea hasi dute Arabako Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek; oraingoz, lan baldintzen hobekuntzaren aldarriak ez du erantzunik izan zuzendaritzaren partetik. Gaurko deialdien jarraipena "positiboa" izan dela diote; bi elkarretaratze egin dituzte, bat Telefonicaren denda baten aurrean, enpresa horrek gatazkan duen erantzukizuna azpimarratzeko. Sektore berdinean diharduten beste enpresetako langileekin saretzeko pausoak ematen hasiak dira, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte aurrera begira.