AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Baionan 2009an emakume bat bortxatu eta elbarri utzi zuten bi erasotzaileak identifikatu dituzte

Baionako Arena diskotekako gaualdi baten ostean izan zen erasoa 2009ko urrian. Bi gizonezkok 40 urteko emakume bat bortxatu eta kolpatu zuten gau hartan, eta elbarri utzi zuten bizitza guztirako. Hamabi urte geroago identifikatu eta kondenatu dituzte erasotzaileak, DNA arrasto batzuei esker.

Baionako (Lapurdi) auzitegian asteazken honetan izan dute hizpide 2009an gertatutako eraso bat: Arena diskotekako gaualdi baten ostean, emakume bat bortxatu eta larriki zauritu zuten bi gizonezkok. Epaileak 20 urteko kartzela zigorra aurreikusi du erasotzaileentzat.

2009an jarri zuten martxan ikerketa baina, froga eskasia zela-eta, ez zuten erasotzailerik identifikatzea lortzen. Hamabi urte beranduago identifikatu dute erasotzaileetako bat DNA frogen bidez. Izan ere, etxeko bortizkeria kasu bategatik atxilotua izan da gizona, eta bere DNAk bat egin du 2009an ateratako esperma lagin batekin. Urte horretako lekukotasun baten bidez lortu du poliziak jakitea norekin igaro zuen gaualdia atxilotuak, eta horrela atzeman dute bigarren erasotzailea ere.

Hamabi urte atzera

2009ko urriaren 3ko gauean izan zen erasoa, Baionako Arena diskoteka ondoko Errobi erreka bazterrean. 40 urteko emakumea bortizki kanporatu zuten diskotekako segurtasun-agenteek, eta gas negargarriak ere erabili zituzten haren aurka. Orduan egin zioten eraso bi gizonezkoek: bortxatu eta kolpatu egin zuten. Hamabi hezur-haustura zituela ospitaleratu zuten gero emakumea, eta bizitza guztirako elbarri da geroztik.

Erasotzaileek 19 eta 29 urte zituzten garai hartan. Talde bortxaketa, bortizkeria eta erasotutako emakumea elbarri uztea leporatzen diete biei, eta 20 urteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete.

Momentuz, erasotzaileetako bat giltzapetu dute eta epailearen erabakiaren zain da bestea. Berez, espetxe zigorra betetzen hasi beharko lirateke epailearekin bildu ondoren.

Emakume bati min emateko asmoz auto-istripu bat eragin du haren bikotekideak Orkoienen
Emakumeak azaldu du mehatxu egin ziola eta istripua propio eragin zuela. Lekuko batek azpimarratu zuen gidariak ez zuela balaztatu.