AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Barakaldon, 84 urteko andre bat erail du bere semeak

2024an, gutxienez sei emakume erail zituzten indarkeria matxista dela-eta. Ordizian, gainera, abenduaren 25ean izandako sexu-eraso baten berri eman dute. Azken erasoak salatzera deitu du Itaiak.

Lau egun besterik ez dira igaro 2025. urtea hasi zenetik, eta Euskal Herrian erailketa matxista bat izan da dagoeneko. Atzo, urtarrilaren 3an, Alicia izeneko emakume bat erail zuen bere semeak Barakaldon (Bizkaia). 84 urte zituen Aliciak eta 60 urte ditu bere semeak.

Gizonak ostiral arratsaldean hil zuen ama, Arrandi kaleko euren etxebizitzan: hainbat iturrik diote kolpeka erail zuela. Bizilagunek 16:30ak aldera eman zuten abisua, eztabaida handi bat eta oihuak entzun zituztelako. Atzo bertan atxilotu zuten hiltzailea, eta atxikirik jarraitzen du.

Joan den urtean, 2024an, gutxienez sei erailketa matxistaren berri izan zen Euskal Herrian. Azaroaren amaieran izan zen azken erailketa, Pasaian (Gipuzkoa): 45 urteko emakume bat, Leonor, tiroz erail zuen bere bikotekide ohiak.

Beste eraso bat Ordizian, eta Itaiaren mobilizazioak

Ordizian (Gipuzkoa), bestalde, abenduaren 25ean emakume batek jasandako sexu-erasoaren berri eman dute: bi gizonezkok eraso zioten gauez. Eraso hori eta Barakaldoko hilketa salatzeko, elkarretaratze bat antolatu du Goierriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, bihar arratsalderako.

Aliciaren erailketa gaitzesteko, beste herri batzuetan ere egingo ditu protestak Itaiak gaur eta bihar; hala nola, Tolosan (Gipuzkoa), Lizarran (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa) edo Ondarroan (Bizkaia). "Urtea hasi besterik ez da egin eta horrelako berri lazgarriek indarkeria matxistaren aurpegi gordinena erakusten digute", adierazi du Itaiak: "Ezin dugu egoera hau normalizatu. Indarkeria matxistaren aurka antolatu gaitezen".

EAEn, gazteen herenak soilik eskuratzen ditu hilabetean 600 euro baino gehiago
Gazteen Euskal Behatokiak plazaratu duenez, 15 eta 29 urte artekoen %36,9k soilik daukate 600 euro baino gehiago lortzeko aukera, eta horren azpitik daude gainontzekoen diru-sarrerak.