AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

BBVAk 7.622 milioi euroko irabaziak izan ditu urtarriletik

Iaz baino %28 gehiago irabazi du urtarriletik irailera bitartean, epe berdinarekin alderatuta. Errentagarritasun handia erakusten ari da bankua, ROTE indizea %20,1ekoa baita, Europako altuenetakoa.

BBVAk errekorrak hautsi ditu berriro: aurtengo urtarriletik irailera bitartean 7.622 milioi euroko irabaziak izan ditu, iazko zortzi hilabete horietan baino %28 gehiago, alegia. Bankuak inoiz izan dituen irabazirik handienak dira.

Espainiako Estatuan eta Mexikon dihardu BBVA bankuak. Espainiako Estatuan 2.866 milioi euroko irabaziak izan ditu, iazko epe berdinean baino %37,6 gehiago. Mexikon, berriz, 4.193 milioi euroko etekinak pilatu ditu, 2023an baino %5,6 gehiago.

"Mexikoko eta Espainiako jardueraren dinamismoari esker lortu ditugu emaitza paregabeak", esan du Onur Genç BBVAko kontseilari ordezkoak. "Europako hamabost banku handienen artean gaude [...] %39ko efizientzia-errekorra dugu, bai eta %20ko ROTE errekorra ere".

Izan ere, akzio bakoitzeko irabaziek gora egin dute: iazko irailetik hona, %32 igo da akzio bakoitzaren balioa. Horrek ahalbidetu du, antza denez, BBVAren errentagarritasun altua. Zentzu horretan, errentagarritasun-datu paregabeak publikatu ditu, hura neurtzeko bi indize neurtuta: ROE eta ROTE, ingelesezko sigletan.

Bankuaren ROE indizea %19,2ra iritsi da, eta ROTE indizea, aldiz, %20,1era. Europako bankuen artean errentagarritasunik handiena duen bankua da BBVA: Europako zein Espainiako Estatuko bankuen errentagarritasuna, batez beste, %13,7 eta %14,5 artekoa da.

Maileguen interes-marjinak eta komisioak, gora

Gordailuen eta maileguen interes-marjinen gorakadak ere bultzatu omen ditu BBVAren emaitza onak, zuzendaritzaren hitzetan. Horrekin batera, bezeroei kobratu dizkieten komisioek ere irabaziak handitzen lagundu du. Komisioak, azaldu dutenez, %25 igo dira, eta horri esker 5.745 milioi euro eskuratu ditu finantza-entitateak. Komisioak ez ezik, jaulkitako kreditu kopurua ere igo egin da: %11 azken urtean.

Israelgo Estatuak UNRWAren operazioak debekatu eta Gazako jarduera mugatu du
Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren laguntza humanitarioa murriztu nahi izan dute sionistek, eta harekiko koordinazio formal oro blokeatu dute legedia berri baten bidez.